Lan istripuei aurre egiteko "lotu" kanpaina propaganda hutsa da

2010/01/14
Jaurlaritzaren "Lotu" kanpaina elkarrizketa sozialaren mahaian patronalak eta gutxiengo sindikalak hitzartu dute, eta ez die ekiten eraikuntzan gertatzen diren istripuen benetako zergatiei.

Patronalak berak esan duenez, sinatu dutenen artean “ez dago kontrajarritako interesik, partekatuak baizik”. “Partekatutako interesak” aipatzeak argi uzten du ez dela ezer egingo prekarietatea, azpikontratazioa edota iruzurrezko kontratuen aurka jotzeko. Izan ere, horietxek baitira eraikuntzan gertatzen diren ezbehar ugarien zergatiak, eta horiei heltzekotan, ugazaben interesen kontra egin beharko litzateke. Beraz, onartu diren erabakiak alferrikakoak dira, propaganda hutsa.

Lotu kanpaina aurkezteko emandako prentsa agerraldian ez da nahikoa informazio eman haren edukiari buruz, baina propio ezkutatu dute datu garrantzitsu bat: Osalanen 2010ko aurrekontutik 400.000 € erabiliko dira kanpaina hau ordaintzeko. Zertan erabiliko dute diru hau? Aurretik gertatu izan denaren arabera, ez litzateke harritzekoa izango patronala eta elkarrizketa sozialean parte hartzen duten sindikatuak finantzatzeko izatea.

Jaurlaritzak lehentasuna eman dio elkarrizketa sozialaren mahaiari, baita Osalan horren menpeko tresna bihurtzeko helburuari ere. Kanpaina Osalani bizkarra emanda hitzartu dute, lan-segurtasun eta –osasun gaien ardura erakunde honi dagokion arren; Osalango Kontseiluko kide da gehiengo sindikala ere. Bada, Kontseilu hori erabat erdeinatuz, minoria sindikalaren babesa baino ez duten kanpaina birtual hutsak aurkezten dira, Osalango aurrekontutik finantza daitezen. Gainera, hau are larriagoa da kontutan izanik Jaurlaritzak Osalanen 2010rako aurrekontua 2009 urtean izan zuenarekiko zeharo murriztu duela. Hau eskandalu politiko bat da.