Lan Ordezkaritzak Corrugados Azpeitian onartutako 100 kaleratzeak salatu ditu ELAk
Lan Ordezkaritzaren ebazpena, aginduzko lege-bideetatik jakinarazi beharrean, prentsaren bidez argitaratzea onartezina iruditu zaio ELAri; eta gainera, begiramen eza izan da ordezkaritza sindikalarekiko eta langileekiko. Lan Ordezkaritzak eraginpeko alderdiei eman behar dizkie ebazpenak derrigorrez: enpresa-batzordeari eta enpresa-zuzendaritzari.
Benetan larria da Administrazioak 100 langile kaleratzea baimendu izana, sindikatuen txostenei jaramonik egin gabe. Berriz ere, administrazioa eta patronala eskutik joan dira. Haiek dira enplegu-suntsipen horren errudunak, baina ondorio txarrak pairatuko dituztenak —beti bezala—ahulenak izango dira.
Ebazpenaren jakinarazpena jaso bezain laster, ELAk errekurtsoa aurkeztuko du, burugabekeria hori indargabetzeko asmoz.
Azkenik, Gipuzkoako Lan Ordezkaritzari galdetzen dio ea nola bermatuko duen Azpeitiko plantaren iraunkortasuna eta zein nolako zigorrak ezarriko dizkion Gallardo taldeari, harturiko konpromisoak bete ezean.