Lan osasunaren alorrean legea betetzen ez duten enpresariak zigortzea eskatzen du ELAk

2005/10/23

Eustakio Uranga, ELAren segurtasun eta lan-osasunaren arduraduna, Gasteizko Parlamentuan izan da gaur goizean, lan istripuen inguruko agerraldian. Urangak azpimarratu duenez, "lan-ezbehar kopurua onartezina da. Zoritxarrez, administraziotik ez zaio arazo larri honi aurre egiten". Eustakio Urangaren arabera, "presioa eta lan erritmo altuak" dira egungo lan-ezbehar kopuru handiaren arrazoi nagusienak.

ELAko kideak enpresariei egotzi die lan istripu kopuru handiaren ardura nagusia. "Enpresariek ez dute legedia betetzen. Baina, legea bete ez arren, administrazioak ez ditu legea urratzen dituzten enpreriak zigortzen. Gainera, enpresariek ez dute lan osasunean inbertitzen; gai larri honek ez die askorik arduratzen". Urangak enpresarien ardura nabarmendu du. "Azkenaldian leku askotatik diskurtso neutroak egiteko joera dago, ardura enpresarien eta langileen artean banatuz. Diskurtso horien helburua enpresarien ardura saihestea da. Gu ez gaude irakurketa horrekin ados; ELAren ustez, enpresariak dira egun Euskal Herrian dagoen lan istripu kopuru handiaren arduradun nagusiak".