Lan Osasunaren arloan utzikeria nagusitu da Euskal Herriko Unibertsitatean

2011/07/13
EHUko ELAren Atal Sindikalak bere partehartzea etetea erabaki du Lan Osasun eta Segurtasuneko eta Prebentzioko batzorde guztietan. Era berean, Administrazioko arlo horretako ordezkari gorenak kargutik berehala kentzeko eskatu du.

Erabaki horren arrazoia zera da: aspalditxotik EHUko esparruan gertatu izan diren arrisku fisiko eta psikosozialen inguruko prebentzioari dagokionez, erabaki horren bidez salaturiko arduradunen jokabidea utzikeriaz, zabalegi jokatuz, betetze ezaz, eta ez ikusiarena eginez josita egon da.

Egoera hain da muturrekoa, ezen ez diren betetzen ezta OSALANek berak ere ematen dituen gomendioak. Horren ondorio larriak bai irakasleek eta ikertzaileek, bai administrazio eta zerbitzuetako langileek jasan behar izan dituzte.

ELAk egokitzat jotzen dituen esparru guztietaraino eramango du bere salaketa, EHUko langile gehienen iritzia entzunarazteko eta errespetarazteko.