Lan publikoen jarraipenean makina batek ez du ordezten borondate politikoa

2014/10/21
Gipuzkoako Foru Aldundiak fitxaketa-makinak aurkeztu ditu Deskarga lanetako langileen ordutegi-kontrola eramateko. Diotenez, horien bidez lan-hitzarmena benetan betetzen den kontrolatu ahal izango da. ELAren aburuz arazoaren muina obren esleipenak, exekuzioak eta epeak dira.

ELAk hurrengo balioespena egin du:

1.- ELAk ontzat jotzen du beti obretako lan-baldintzak eta lan-segurtasuna eta osasuna ziurtatzeko neurriak hartzea. Eta oraingo honetan neurri horietako bat denez, ELAk aldeko balioespena baino ezin du besterik egin.

ELAk behin eta berriz eskatu du ordutegi-kontrola obra publikoetan. Helburua argi dago, sektoreko langileek egin ohi dituzten gehiegizko lanaldiak eragoztea. Neurri hori, izatez, Euskal Herriko beste herri-lan batzuetan hartua izan da dagoeneko. Adibide hurbil bat GASTEIZKO UDALETXEA eraikitze-lanetan dugu; han, fitxaketa-kontrola jarri arren, etengabe urratzen zen hitzarmen kolektiboa, ELAk salaketak aurkeztu zituen arte.

2.- Horregatik diogu hitzarmena eta segurtasun-arauak betetzen diren ziurtatzeko benetako bermea fitxaketa-erlojuak jartzea baino askoz gehiago dela. Horregatik sustatzailea (foru-erakundea oraingo honetan) ez litzateke gehiegi fidatu behar tresna tekniko batez edo bestez, haietan guztietan amarruak egin daitezke-eta. Izan ere, esperientziak irakatsi digunez "giza faktorea" (sustatzailea in situ) da berme bakarra arlo sozio-laboraleko legeria benetan betearazteko. Alde horretatik, iragartzen diren giza taldeak gaur egun dauden berberak dira. Inork ez dezan damurik egin: gehiegizko lanaldiak eta eskandaluzko lan-erritmoak —lehengoak eta oraingoak— fitxaketa-erloju batzuen bidez konponduko direla pentsatzea inozokeria da, onenean ere.

3.- Arazoaren muina obren esleipenak, exekuzioak eta epeak dira. Argi esanda: erakundeek lehentasuna ematen badiete eskaintzarik merkeenei eta eperik laburrenei, arlo sozio-laborala katearen mailarik ahulena izango da, orain arte bezala. Azkar/merke binomioaren lehen ondorioa langileen zapalkuntza da, obra horretan bertan frogatu den bezala.

Gogora ekarri behar dugu obra hori LAPATZA UTEari esleitu zitzaiola 40 milioi eurotan, enkante-preziotik 23 milioi beherago (%37 beherantz), eta epe laburrean bukatzea espero dela, interesen politikoen arabera. Bi osagai horrek nahastura eztandagarria egiten dute, ez dago enpresarik bi baldintza horiek betetzeko gai denik segurtasunetik eta lan-baldintzetatik murriztu gabe. Ikusi besterik ez dago orain arte gertatu dena (heriozko istripua, beste istripu larri bat ezkutatzeko enpresaren ahalak, segurtasun-arauak bete gabe utzi, hitzarmen kolektiboa ez aplikatu...)

4.- Gaurko egunean ere, urriak 21, Hitzarmena ez da betetzen obra horretan. ELAk salatu eta frogatu du behin baino gehiagotan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren aurrean gehiegizko lanaldiak. Fitxaketa-erlojuekin edo horiek gabe ELAk jarraituko du zorrozki salatzen obra horretan eta beste edozeinetan gertatzen diren gorabeherak. Aurkeztu den ekimen horrek arrisku bat dauka: agerraldi mediatikoa izatea, geroko jarraipenik izango ez duena; batez ere kontuan hartzen badugu obra hori azken txanpan dagoela.