LGS PROPIOAREN MINTEGIA (BILBO)

LGS propioa egingarria da eta onurak ekarriko dizkio euskal langile klaseari

2025/05/16
Gaur, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai izan dute Bilbon, 100 pertsonatik gora bildu dituen mintegian. Gaian adituak eta arituak direnak izan dira mintegian, baita, euren esperientzia propioetatik, testigantzak eman dituztenak ere.

Hiru ondorio nagusi hauek nabarmenduko daitezke mintegiko hitzaldietatik:

  1. Egingarria da, badirelako esperientziak mundu luze-zabalean eta bertako egoera juridiko-politikoak aukerak ematen baituelako, Iñaki Lasagabasterrek adierazi bezala, Herri Ekimen Legegileak bidea urratzeko ematen dituen aukerak nabarmenduz. Burujabetza ariketa praktiko gisa ulertu behar da, borondate politikoen gainetik, politika publikoen bidez gauzagarria baita. Bide horretan, Jule Goikoetxeak ohartarazi du “demokraziak hemen ekoiztutako eta banatutako gaitasun politiko zein ekonomikoak eskatzen dituela”. Eta erantsi: “Edozein borroka eta negoziazioetan indar korrelazioak garrantzia du, borroka eta negoziazio oro daukagun boterearen araberakoak izango baitirelako”.

  2. LGS propio baten ezarpenak onurak ekarriko lituzke bizi-eremu ezberdinetan. Hitzartze guztietan presente egon da LGS propioa aberastasunaren banaketarako tresna eraginkorra dela eta pobrezia-atalasearen azpitik dagoen pertsona kopurua murrizteko mekanismoa. Jon Ormaetxeak gazteen bizitzak hobetuko lituzkeela ondorioztatu du, eta Xiomara Suazak atzerritartasun araudian inpaktu zuzena izango lukeela, erregularizazioa lortzeko baldintzak erraztuz. Txefi Roco bide beretik aritu da, langile migratu edota arrazializatuentzat arnas eta babes marjen bat ekarriko lukeela nabarmenduz. Jabier Sáenzek pobrezia egoeran dauden eta DSBE jasotzeko eskubidea duten herritarrak ekarri ditu erdigunera, LGS propio batek jasotzen duten prestazioaren igoera ekarriko lukeela azpimarratuz. Andoni Garciak nekazaritza jarduera laguntzeko dagoen sistema errotik aldatu beharra aldarrikatu du, eta LGS propioak jende gaztea nekazal jardueretara eramango lukeela nabarmendu. Jon Bernat Zubirik egungo LGS eta 1.500 euroko LGS propioa kobratuko luketen langileen arteko azterketa enpirikoa ekarri du lehen planora, gazte, emakume, estatutik kanpo jaiotako langile edota ikasketa mailaren araberako onuradunak zenbakietara ekarriz. Sexu-genero arrakalari dagokionean, ildo beretik jo dute. Izan ere, egungo soldata arrakala ezbaian jarri eta negoziazio kolektiboaren estaldurarik gabeko sektoreetan (emakumeak gehiengoa direnetan, etxeko langile migratuak, kasurako) LGS propioa arrakalari aurre egiteko tresna eraginkorra izango dela nabarmendu dute.

  3. Ez gara hutsetik abiatzen, ibilbide baten ondorio da egungo aldarrikapena. Proposamenak badaude; ELA eta LAB sindikatuek gaur aurkeztu dituztenak, kasurako. Luze eta zabal aritu dira. Roser Espeltek xehetu duen proposamenak honako hiru ondorio hauek ekarriko lituzkeela adierazi du: “soldata maila kokatzea negoziazio kolektiboarekiko independienteki”, “bizitza erreproduzitzeko nahikotasun-maila kokatzea” eta “banaketa hobetzea zein kapitala disziplinatzea”. LGS propioaren zenbatekoa zehazteko Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordina jarri du irizpide moduan. Martin Arbeok LGS propioaren aldeko borrokak epe motzean irabazteko batailak eta eredu sozioekonomiko berri baterako proposamen estrategikoak barnebiltzearen garrantzia azpimarratu ditu. Epe motzean, larrialdi sozialak eragindako urgentziari erantzungo lioke, klase subjektua berrosatzen lagunduko luke eta burujabetzan jauzia ematea ahalbideratuko luke, hemen ezarriz klase borrokaren markoa. LGS propioaren proposamen estrategikoa, aldiz, hitz bakarrean laburbildu du (banaketa hirukoitza; hau da, lanaren, ondasunaren eta zaintzen banaketa), xehetasun ugari eman baditu ere.

Gaurkoa Manu-Robles Aranguiz eta Ipar Hegoa Fundazioek LGS propioaren aldeko bideari egindako ekarpena izan da, ezberdinen arteko eztabaida zein iritzi espazioa zabalduz. Bidea, ordea, ez da hemen bukatzen. Izan ere, batetik, sinadura bilketa masibo bat martxan dago, zeinaren bidez Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko den LGS propioa hemen ezartzeko eskumena eskuratu ahal izateko; eta, bestetik, negoziazio kolektiboaren esparruan, akordio interprofesional baten bidez langile guztiei LGS propioa ezartzeko, patronalak interpelatzen jarraituko dugu. Beraz, LGS propioaren alde esparru sindikalean, sozialean, politikoan zein instituzionalean lanean jarraituko dugu, gaurko mintegiak eskaini dizkigun ekarpenak presente izanik.