Lanbide-arteko Gutxieneko Soldataren igoera proposamenak ez du pobreziatik ateratzea ahalbidetzen

2015/12/28
Espainiako Gobernuak proposatu duen Lanbide-arteko Gutxieneko Soldataren %1eko igoera –hilean 655,08 euroraino– erabat urria da, are eta gehiago azken urteetan gizartearen gehiengoak pairatu duen eros-ahalmenaren jaitsiera kontuan izanda.

Igoera proposamen horrek ez du Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata kobratzen duten pertsonen egoera aldatzen; Hego Euskal Herrian Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata kobratzen dutenek pobrezia egoeran jarraituko dute. Izan ere, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata proposamen berria pobrezia erlatiboa neurtzen duen kopurua baina baxuagoa da, hau da, errenta medianaren %60a.

Soldata minimoa herrialde bakoitzak duen batez-besteko errentarekin alderatu ezkero, Espainiar Estatua azkenaurreko postuan dago Europar Batasunean, soilik Txekiaren aurretik. Hego Euskal Herrian maila baxuagoa dugu oraindik ere, eta Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata berriak ez luke aldaketa esanguratsurik ekarriko: soldata minimo berria urteko 9.170 euro ingurukoa izango litzatekeenez, HEHko batez-besteko errentaren herena baino murritzagoa izango litzateke, Europako azken postuan kokatuko ginatekeelarik.