Lanbide prestakuntzako aginduak ez du bermatzen eskaintza oso eta propioa

2008/07/11
ELA-Irakaskuntzaren ustez Euskal Autonomia Erkideko Hezkuntza Sailak berriz ere pribatizatzeari atea ireki dio, eta bere erantzukizunari muzin egiten dio, HLPPak arautzen dituen Agindua egin duen moduan argitaratu duenean. Aginduak ez ditu jaso Irakaskuntza hauetan zerbitzu publiko eta kalitatezkoa bermatuko dituen neurriak, ez eta langile hauei dagozkien lan baldintzen begirunea.

2008-2009 ikasturtetik aurrera, HLOk ezarri du irakaskuntza hauek, orain arte LHI zeritzanak (Lanbide Hastapenerako Ikastetxeak), Irakaskuntza Arautua direla.

 

ELAk ondo deritzo Irakaskuntza Arautua izateari, eta, ondorioz, Hezkuntza Sailak bere erantzukizuna hartu beharko luke, eskaintza propio, publiko eta bermeak ematen dituena ziurtatu.

 

Oso tarte garrantzitsua da 15 eta 18 urte bitartekoa gazteen Hezkuntzan, eta Eusko Jaurlaritzak pribatizazioa ahalbidetu du, eskaintzaren definizioa enpresa pribatuen esku utzita. Hezkuntza Sailak hiritarrak hezitzeko helburuari erantzun beharko lioke, eta haien garapen erabatekoa arautuz. Aldiz, enpresei nahi duten eran egin eta desegiteko aukera eman die, beraien behar partikularrak asetzeko esku-lan erreza lortu dezaten edo, besterik gabe, hezkuntzarekin dirua egin dezaten, hezkuntza eta familien kalterako.

ELAk behin eta berriz eskatua du, behar berririk agertzekotan edo gaur egun existitzen diren zentroek HLPPak emateari uzten badio, hauek Ikastetxe Publikoetan eskeintzea, eta, ahal dela, Lanbide Heziketako zentro publikoetan. Baina ez da horrela gauzatu.  

Era berean, ELAren aldarrikapena da zentro hauetako pertsonalgoa Hezkuntza Sailera pasatu beharko litzatekeela, langile laboral finko bezela, eta irakaslegoaren titulazioa arautu beharko litzatekeela, Irakaskuntza Arautua dela kontuan izanik.

Argitaratutako Araudiak ez du honelako zehaztapenik egiten, ordea.

Are gehiago, aplikatu beharko litzatekeen Lan Hitzarmenak ere ez dira espresuki zehaztu. ELAren aburuz, Udaliz edota Irakasle Funtzionarioen Lan Hitzarmena  aplikatu beharko litzateke eta Itunpeko Ikastetxeetan, dagokien Lan Hitzarmena.

700 Langile inguruengan izan ahal du eragina Agindu honek. 

Labur esanda, zulo beltzez beteriko Agindu baten aurrean gaude, ezer onik ez dakarrena familien poltsikoetarako eta Autonomia Erkidegoko ikasle kopuru garrantzitsu baten hezkuntzarako ere ez. Gainera hezkuntza arloko langile askoren egoera zalantzaz betetzen du.