Lanbidearteko Akordioa sinatzea arduragabekeria da

2013/05/21
ELAk atzo arratsaldean bilera bat izan zuen Juan Mª Aburto Enplegu sailburuarekin. Sailak deitutako bileraren asmoa, ELAren iritzia ezagutzea Jaurlaritzak aurreko astean bidalitako agiri bati buruz. ELAk adierazi zion Lanbidearteko Akordioa sinatzea arduragabekeria dela eta ez diola patronalari nahi duena emango.

Aipatutako agirian hiru gai jorratzen ziren:

  • Lanbidearteko Akordio baten hipotesia.

  • Jaurlaritzak hitzarmen kolektiboak aplikatzen ez diren kasuetarako egin duen dekretu-zirriborroa.

  • “Elkarrizketa sozialeko” mahaia eratzeko Gobernuaren asmoa.

ELAk sailburuari honako iritziak adierazi zizkion:

1.- Lanbidearteko Akordioari dagokionez, ELAk sailburuari azaldu zion erreforma laborala soldatak zeharo murrizteko egin dela, eta gure sindikatuak ez duela helburu hori lagunduko Lanbidearteko Akordioaren moduko itunak sinatuz, zeintzuk ez bailukete patronala ezertara behartuko. ELAk sailburuari gogoratu zion soldaten eta enpleguaren defentsa batuta daudela; soldatek aberastasunaren zati gero eta txikiagoa dutela, eta patronalak soldatak urritzeko helburua lortzen badu, are enplegu gehiago galduko dela. Gainera, sindikatuak Aburtori aipatu zion araugintza aldetik azken aldion pairatzen ari garen segurtasun eza (bi urteotan honez gero hiru erreforma laboral egin dituzte, eta beste bat egin nahi omen dute laster). Beraz, Lanbidearteko Akordio bat sinatzea arduragabekeria litzateke, eta patronalari merezi ez duen legitimitatea emango lioke, izan ere, eskubide sozial eta laboral guztien aurka amaigabeko erasoa jotzen ari baita. Confebaskek, baita CEOEk ere, badakite nahi duen guztia lortzen duela gobernuengandik, eta pribilegio horretaz baliatuta negoziazio kolektiboa blokeatu egiten du.

2.- Hitzarmenen inaplikazioari buruzko batzordea eratzeko zirriborriaz, ELAk sailburuari esan zion derrigorrezko arbitrajea arautzea inkonstituzionala izan litekeela (hain zuzen, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarrita dago). Hori aurrez argituta, sindikatuaren iritzia eman zitzaien dekretu-zirriborroari buruz: Madrilen araututa dagoena “kopiatu eta itsatsi” besterik ez dute egin. Jaurlaritzak horrela Confebaski nahi zuena ematen dio, ez baitiote inongo oztoporik jartzen hitzarmen kolektiboak ez aplikatzeko erabaki unilateralari

3.“Elkarrizketa sozioleko” mahaiaren hipotesiari dagokionez, ELAk Aburtori berriro adierazi zion bere posizioa: Ez dago elkarrizketa sozialik, baina ez ELAk nahi ez duelako, bera ezinezko egiten duten politika unilateral lazgarrien garaia bizi dugulako baizik. Politika neoliberalak ezarri eta patronalak nahi duen guztia gobernuengandik jasotzen duen artena, elkarrizketa sozialeko mahaiek ez dute edukirik, eta xede bakarra daukate, politika horiek babestea. ELA, ordea, ez dago halako gauzetarako prest.