Lanbidearteko Gutxieneko Soldata
Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS): Galderak eta erantzunak

Zergatik da garrantzitsua gutxieneko soldata finkatzea?
Gutxieneko soldataren finkapenak dimentsio babeslea du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik ez duten edo erreferentzia hori txikiagoa duten jarduera guztietako soldata finkatzen baitu.
Gutxieneko soldatak bizitzari eusteko soldaten nahikotasun-maila izan behar du.
Politika sozial eta ekonomikorako tresna gisa, gutxieneko soldata aberastasuna eta kohesio soziala banatzeko mekanismoa ere bada, pobrezia-mugaren azpitik dagoen pertsona kopurua murrizten du, eta soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen du, legezkoak baino lan-baldintza handiagoak dituzten sektoreetan.
Nola finkatzen da gutxieneko soldata?
Gutxieneko soldata legez finkatzea da gutxieneko soldatak ezartzeko mekanismo nagusia. Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) datuen arabera, herrialde kideen % 90ek horrela egiten dute. Lurralde bakoitzak gutxieneko soldata ezartzen du, bere errealitate sozial eta ekonomikora egokitutako irizpideekin.
ELGAren datuen arabera, euskal ekonomiaren industrializazio handiagoak langile bakoitzaren produktibitatea Espainiako Estatuko handiena izatea dakar eta pertsona bakoitzak sortzen duen aberastasunaren ehunekoa ere handiagoa izatea.
Zergatik da garrantzitsua LGS Hego Euskal Herrian finkatzea?
Produktu eta zerbitzu askoren edo etxebizitzen prezioak Estatuko leku gehienetan baino handiagoak dira. Eusko Jaurlaritzak berak, Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestan, pertsona bat ongizaterik eza izaten hasteko muga hilean 1.654 euro gordinekoa zela ezarri zuen 2022an.
Azken bost urteetan, 5.000 biztanletik gorako Nafarroako herrietan, salerosketako etxebizitzen prezioa % 26 igo da, eta alokairuko etxebizitzena % 46. Beste adibide bat da produktu eta zerbitzu askoren edo etxebizitzen prezioak Nafarroan Estatuko toki gehienetakoak baino altuagoak direla.
Atalase horren azpian ez dira estaltzen gizarte jakin batean espero diren gutxieneko ongizate- eta erosotasun-maili eusteko beharrezkotzat jotzen diren ohiko gastuak.
2022an bertan, Espainiako Estatuan LGS 1.167 euro gordinekoa izan zen, egungoa atalase horren oso azpitik, eta horrek erakusten du Estatuko gutxieneko soldata ez dela nahikoa EAEn eta Nafarroan.
Zer ondorio izango lituzke LGS igotzeak?
Gutxieneko soldataren igoera nabarmenak 200.000 langile ingururengan izango luke eragina EAEn eta 80.000 pertsonengan Nafarroan, gehienak zerbitzuen sektorean lan egiten duten eta lan baldintza prekarioak dituzten langileak.
Neurri horrek eragin bereziki positiboa izango luke emakumeengan, migratzaileengan, gazteengan eta dibertsitate funtzionala duten pertsonengan.
Gutxieneko soldataren igoerak generoaren araberako soldata arrakala baztertzen lagunduko luke, baita beste soldata arrakala batzuk ere, hala nola jatorriaren, adinaren edo dibertsitate funtzionalaren araberakoak.
Zenbatekoa da LGSa Europako herrialdeetan?
Hego Euskal Herriko egitura sozial, kultural, sindikal eta politikoa beste lurralde batzuetakoaren desberdina da, bai osaerari, bai ereduari dagokienez. Hego Euskal Herriko LGSak gizarteak behin eta berriro erakusten duen borondate berezituari erantzun behar dio. Borondate hori, besteak beste, hauteskunde sindikaletan ikusten da.
2024an, Europako hainbat herrialdetako hileko LGSak hauek dira: Alemania 2.054 euro, Frantzia 1.766,9 euro, Britainia Handia 2.230,9 euro, Belgika 2.070,5 euro, Luxenburgo 2.570,9 euro, Holanda 2.134,1 euro, Irlanda 2.146,3 euro edo Islandia 2.493,2 euro.
2024an Espainiako Estatuko LGS 1.323 eurokoa izan zen (urtean hamabi ordainsaritan), gurearen antzeko egitura ekonomikoa duten herrialdeetatik eta Euskal Herriko langileen beharretatik urrun.
Zer abantaila izango lituzke LGS hemen finkatzeak?
LGSa lurraldean bertan erabakitzeak kohesio soziala hobetzea ahalbidetzen du. LHE hau bultzatu duten erakundeentzat hori da lan-harremanen eta gizarte-babesaren euskal esparruari ematen zaion esanahia.
Gure esparru propioari autonomia-kuota handiagoa emateak sortutako aberastasuna modu parekideagoan banatzea ekarriko luke, eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen kopurua murrizten lagunduko luke. Azken batean, gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa izatea ahalbidetuko luke.
Zer proposatzen du LHEak LGSaren lege aldaketa lortzeko?
Estatuko lurralde guztiek euren beharretara egokitutako gutxieneko legezko soldata arautu ahal izatea proposatzen da, eta, ondorioz, autonomia-erkidegoek euren LGS propioa ezarri ahal izatea, Langileen Estatutua aldatuz, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera: Autonomia-erkidegoetako Batzarrek lege-proiektu bat onartzeko eskatu ahal izango diote Gobernuari, edo lege-proposamen bat bidali Kongresuko Mahaiari, Ganbera horren aurrean gehienez ere horiek defendatzeaz arduratuko diren Batzarreko hiru kide eskuordetuta.
Lege-aldaketa hori Legegintzako Herri Ekimen (LHE) batek bultzatu du. Ekimen horrek prozedura hori hasteko eta Langileen Estatutua aldatzeko eskatzen die Gasteizko Legebiltzarrari eta Iruñeko Parlamentuari, horrela, hala erabakitzen duten autonomia-erkidego guztiek euren beharretara egokitutako LGS propioa ezarri ahal izan dezaten.
Herri ekimen legegilea aurrera eramateko epeak
2025eko urtarrilaren 8an Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa bermatzeko Herri Ekimen Legegilearen erregistroa egin zen Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan, Hego Euskal Herriko administrazioek legezko gutxieneko soldata arautzeko aukera eska dezaten. Erregistroa ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin zuten. Ekimenaren aurkezpen publikoa urtarrilaren 21ean egin zen
Hori izan zen hainbat hilabetez luzatuko den prozesu honen lehen urratsa. Orain Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak tramitea onartu beharko dute.
Horren ostean sinadurak biltzeko epea zabalduko da. Herri Ekimen Legegilea babesten duten sei sindikatuek udaberrian beharrezkoak diren sinadurak bildu beharko dituzte. Oraingoz prozesu honen amaiera data zehatzik ezin da aurreratu, baina, ondo-bidean, udaran Parlamentuen ohiko jarduera eten aurretik egin beharko da.
Udako oporren ostean, bi parlamentuen ohiko jarduera berriz ere martxan jartzen denean, lanketa politikaren prozesua hasiko da.