Lanbideren egoera salatu dute ehunka langilek

2014/10/29
Lanbideren egoera  salatu dute ehunka langilek
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta ehunka langilek parte hartu du gaur arratsaldean zerbitzu publiko honen "gestio negargarria" salatzeko Gasteiz, Bilbo eta Donostian egin diren manifestazioetan. Era berean, negoziazio prozesuan Eusko Jaurlaritza mantentzen ari den jarrera itxia ekarri dute gogora sindikatuetako ordezkariek manifestazio amaieran irakurritako agirian.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen agiria:

Enplegu Publikoaren Euskal Zerbitzua, LANBIDE, martxan hasi zenetik Eusko Jaurlaritzak Zerbitzu publiko honen kudeaketa negargarria egin du.

Lanbideko zuzendaritzak erakundeko lanpostuen-zerrenda aurkeztu zuen iaz, bertan jasotzen dira funtzionamendurako beharrezko den lanpostu kopurua eta lanpostu horien baldintzak. Negoziazio prozesuan gobernua mantentzen ari den jarrera itxiak langileak eraman ditu lantokietan asteroko elkarretaratzeak, lan uzteak eta 6 greba egun egitera.

Langileak mobilizatzeko arrazoiak honakoak dira:

  • Administrazioaren proposamenak dakartza soldata jaitsierak, lantokiaren herria aldatzea dakarren bulego batetik besterako derrigorrezko mugimenduak, “behatzez” lanpostuak jabetzan ematea, aldi baterako langileen etetea bereziki Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DBE) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriarekin (EPO) harremana duten zerbitzuengan kaltea eragingo dutenak, eta zerbitzuen pribatizazioa. Guzti honek Lanbidek eskaintzen duen zerbitzuaren hondatzea dakar eta zuzenean egingo die kalte herritarrei.

  • Eusko Jaurlaritzak gobernu espainiarraren erreforma atzerakoiak ezartzen ditu, langileen lan-baldintzak okertuz eta Zerbitzu publikoa degradatuz.

  • Hedabideak herritarroi ezkutatzen ari zaizkigu Lanbiden dagoen egoera jasanezina eta, halaber, langileek aurrera daramatzaten mobilizazioak eta horien arrazoiak.

Gainera, zenbait alderdi politikok Lanbide bihurtu dute guztiak balio duen borroka politikorako gune, demagogiarik xenofoboenetik hasi eta langileenganako erabateko errespetu falta adierazteraino, prestazio sozialak, lanerako orientazioa eta formazioa bezalako gai sentsibleak kudeatuko dituen kalitatezko zerbitzu publikoa bermatu beharrean.