Lanbiden greba egun gehiago egiteko proposamena luzatuko du ELAk

2015/02/10
Lanbiden greba egun gehiago egiteko proposamena luzatuko du ELAk
ELAko ordezkariak elkarretaratu dira gaur eguerdian Gasteizen Lanbideren egoera salatzeko. Bien bitartean, Lanbideko Lanpostu Zerrenda negoziatzeko mahaia elkartu da eta egungo proposamena bertan behera uzteko eskatu du ELAk. Langileek bihar egingo duten batzarrean greba egun gehiago egiteko proposamena luzatuko du sindikatuak.

Gaur banatutako Agiria

Gaur, asteartearekin, bilera egin du LANBIDEko Lanpostu Zerrenda “negoziatzeko” mahaiak.

ELAk bi arrazoirengatik erabaki du parte hartzea:

1.-Sailburuaren aldaketa dela-eta, uste dugu aukera eman behar geniola gobernuari orain arteko jarrera zuzentzeko, eta egungo Lanpostu Zerrenda proposamena bertan behera uzteko.
2.- Berratxikipenekin jarraitutako prozedura salatzeko, baztertzailea delako eta eskubideak murrizten dituelako, hala nola Funtzio Publikoko sailburuordearen instrukzioa eta Lanbideko Zuzendari Orokorraren ebazpena erretiratzea

Funtzio Publikoko Zuzendari Barasordak ez du gure proposamena onartu, eta abian den Lanpostu Zerrendaren prozesua bultzatzen jarraitu nahi du. Instrukzioa ere ez du erretiratu eta ebazpenaz ez du ezer esan, hori Lanbideko Zuzendari Orokorraren ardura dela argudiatuz.

Zuzendari jaunak aitortu du berratxikipen proposamena erabaki politikoa dela, nahiz eta orain arte balizko segurtasun juridikoa delakoa jartzen zuen aitzakia gisa.

Adarra jo digu bi urtez, eta argudio hori erabili du langileak engainatzeko. Lanbideko langileekiko errespetu falta agerian, eta Zuzendariak orain arteko bidetik jarraituko duela berretsita, “negoziazio” mahaitik alde egin dugu.

Egoera larri honen aurrean, ELAk idatziz eta formalki Barasorda jaunaren dimisioa eskatu du, bere erabakiekin Lanbideko langileen eskubideak larriki kaltetzen ari delako.

Era berean, Enplegu eta gizarte Gaietarako Sailburu berriari, Toña jaunari, eskatuko diogu indarrean dagoen berratxikipen prozesua bertan behera utz dezan.

Egungo egoeraren gaineko hausnarketa

Gaur bertan utziko du sailburutza Aburto jaunak, duela egun gutxi hauteskunde-kanpaina hasi arte karguan jarraituko zuela esan arren, Lanpostu Zerrenda onetsita LANBIDE uzteko, ardura hartu zuenean, bere helburu nagusietako bat horixe zela esan zuen eta.

Aburto jaunak, 2 urte igarota guztia hankaz gora dagoela alde egin du.

Lanbideko anabasa berbideratzeko izendatu zuten, baina bistan denez, huts egin du nabarmen. Eskifaia matxinatuta, itsasontzia hondoa jotzeko zorian, bertan behera laga du barkua, berak proposatutako lanpostu zerrenda hori erretiratzeko, LANBIDEko langileek eta sindikatu guztiok eskatzen genuen bitartean.

Aburto jaunak badaki gatazka lehertzear dagoela LANBIDEn, eta horregatik aurreratu du Bilboko Udalerako jauzia, LANBIDEko prozesua konpondu barik utzita.

Opari pozoitsu hori jaso du sailburu berriak, Toña jaunak.
Sailburu berriari, prozesua bertan behera utz dezan eskatzen dio ELAk, eta negoziazioaren bideari heltzeko. Ez da hasiera ona sindikatu guztiak gobernuaren eta LANBIDEren Zuzendaritzaren aurka izatea, langile gehien-gehienak haserre bizian (plantillako %80ek baino gehiagok banako alegazioak egin dituzte, eta ezespena jaso dute).

Ez litzateke hasierarik onena 200dik gora langile kaleratzea, 100dik gora lekuz aldatzera behartzea, gehienen soldatak jaistea, eta bermerik gabeko EPE bat ateratzea beste 80rentzat, gobernuari epai bat irabazi diotelako, aurreko arduradunek ez berdintasun, ez meritu, arauzko prozedura guztiei izkin eginez, nahierara izendaturiko staff bat onartu “behar” delako. Harlauza astuna izango da erakundearen etorkizunerako, oraintxe bertan zuzentzen ez bada. Erabaki horiek hartuz gero, ezinezkoa da kontseilari berriak ustez bere helburu nagusia dena lortzea: RGI delakoaren funtzionamendu ona.

Egoera honetan, langileok ez dugu beste irtenbiderik mobilizatu baino.
Horregatik, bihar egingo ditugun batzarretan ELAk grebak egitea proposatuko du, egungo Lanpostu Zerrendaren proposamena erretiratzea eskatzeko, baita aipatutako instrukzioa eta ebazpena. Ahaleginak eta bi egingo ditugu erantzuna arrakastatsua izan dadin, horrela Gobernuak bere jarrera berraztertu dezan, eta horrela ez bada, greba mugagabe bati ekiteko jarrera hobe batean kookatzeko.

Dei egiten dizuegu asteazkenean, otsailak 11, 15:00etan, hiru hiriburuetan eta ohiko lekuetan egingo diren batzarretan parte hartu dezazuen.