#Landeia Kontsolidazioa, 65.000 langile prekariorentzat konponbidea
-Zein da egungo egoera?
Gaur egun 65.000 pertsona daude Hego Euskal Herriko administrazio publiko ezberdinetan behin-behinekotasun egoeran lan egiten, sektore publikoko langileen %40a. Horietatik 50.000 Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan ari dira lanean, gehienak Osakidetzan –15.600 behin-behineko langile, guztien %44a– eta Hezkuntzan –12.290 langile, %41a–. Udal eta Foru Administrazioan edo Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoetan ere milaka dira egoera horretan dauden langileak. Nafarroan, berriz, 15.000 inguru dira sektore publikoan diharduten behin-behineko langileak. Osasunbidean, adibidez, 5.500 langiletik gora dira behin-behinekoak, %50tik gora, Hezkuntzan ere 3.000 langiletik gora, %40tik gora.
-Nola heldu gara honaino?
Egungo egoera erabaki politiko baten ondorioa da. Gobernu eta administrazio ezberdinek behin-behineko enplegu politika bat aplikatzea erabaki dute urte luzez. Azken urteetako murrizketa eta austeritate politikek arazoa areagotu besterik ez dute egin: erreposizio tasak, defizit mugak, aurrekontu murrizketak...
-Zer dago behin-behinekotasuna helburu duen politika honen atzean?
Hiru helburu nagusi ditu. Lehena, azpikontrataziorako bidea irekitzea. Bigarrena, behin-behinekotasun egoerek enplegua suntsitzeko aukerak errazten dituztelako. Eta, azkenik, diziplina tresna eraginkorra da. Norberaren etorkizuna uneoro airean egonda, gobernuek langileak kikildu egin nahi dituzte.
-Zer proposatzen du ELAk?
Helburua behin-behinekotasunarekin modu ez traumatiko batean amaitzea da, hau da, behin-behineko moduan lanean ari diren langileei lanpostua mantentzea ahalbideratuz. ELA aspalditik dabil gai hau bere aldarrien erdigunean jartzen eremu publikoko sektore eta administrazio ezberdinetan. Proposamenak egon badaude, eta, orrialde honetan bertan irakurri daitekeen bezala, sindikatua egiten ari den informazio kanpainaren baitan jasotzen dira.
-Zeintzuk dira egoera honen erantzuleak?
Gure agintari politikoak. Datuei erreparatu besterik ez dago. Europar Batasunean, langile publikoen bataz-besteko kopurua %20koa da. Hemen, berriz, %12an gaude. Gainera, ageriko gauza bat; herrialde batek gero eta langile publiko gehiago izan, orduan eta bizi maila altuagoa da. Horren lekuko dira Norvegia (langileen %30a dira publikoak), Danimarka (%29a), Suedia (%29a) edo Finlandia (%25a). Sektore pribatuan behin-behinekotasuna %23koa da; sektore publikoan kopuru hau 17 puntu gehiagokoa da, %40a.
Gainera, ezin dugu ahaztu Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoetan 120.000 langile daudela azpikontratatuta. Zaintza esparrua –zahar egoitzak, eguneko zentroak, etxez etxeko laguntza, esku-hartze soziala...– azpikontratuta dago ia bere osotasunean; hezkuntza edo osasungintza bezalako sektoreetan badira esparru oso batzuk ere azpikontratuak daudela %100ean: garbitasuna, jantokiak, sukaldeak, mantentze zerbitzuak... Gure agintariek zerbitzu publikoak negozio esparru bilakatu nahi dituzte.
ENPLEGU PUBLIKOA KONTSOLIDATZEKO ELA-REN PROPOSAMENA
ELAren proposamenak Hego Euskal Herriko sektore publikoan lan egiten duten aldi baterako 65.000 pertsonei lanpostua sendotzea du helburu. Horretarako, honako hau planteatzen da:
1.-Estatu espainiarraren betoak kentzea berme-prozesuak errazteko.
2.-Sendotze-prozesu horiek eremu publiko osoan egingo direla bermatzea, adostutako salbuespenik gabe.
3.-Egoera horretan daudenek lanpostua bermatzea. Horretarako:
- Beharrezkoa da behin-behinekoek estaltzen dituzten lanpostu suntsikor guztiak azaleratzea eta ateratzea. Egiturazkotzat hartu behar dira, gutxienez, azken hiru urteetan aldi baterako langileek betetako lanpostuak, formalki sortuta egon ala ez. (Antzinatasun txikiagoko lanpostuak ere baloratuko ditugu, baina egiturazkoak).
- Ezohiko sendotze-prozesuak antolatu behar dira, oposizio-faserik gabe edo baztertzailea ez den oposizio-fasearekin eta gehieneko puntuazio globalarekin (1,5 urteko gehieneko lan-esperientziaren baliokidea). Lehiaketa-fasean, merezimendu gisa baloratuko da soilik deialdiaren xede den kategorian eta administrazioan lan egindako denbora.
4.-45 eguneko kalte-ordaina lanpostua lortzen ez bada edo prozesu horiek abian jartzen ez badira. Horrela ziurtatzen da kontratazioko iruzurrak zehapen eraginkorrak dituela ezartzen dituztenentzat.
5.-Erantzukizun administratiboak eta penalak ezartzea behin-behinekotasunaz abusatzeko egoera horiek sortu dituztenei.