Laneko errentek jarduera ekonomikoaren bidez lortutako errenten ia bikoitza deklaratzen dute

2013/03/04
Europar Batasunaren bataz besteko presio fiskala izango bagenu Hego Euskal Herrian 6.500 milioi euro gehiago eskuratuko lituzkete bertako ogasunek. Egoera honen aurrean ELAk politika fiskalaren aldaketa exijitu du. "Gezurra da ez dagoela alternatibarik. Orain arte hartu diren neurri atzerakoiak bertan behera utzi behar dira. Fiskalitatea errotik aldatu beharra dago iruzurrarekin amaitzeko".

Adierazpen hauek ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek egin ditu gaur goizean fiskalitatearen inguruan egindako agerraldi publiko batean. Muñozekin batera gizarte politiken arduradun Mikel Noval eta azterketa bulegoko kide Julene Gabiola izan dira.

ELAko idazkari nagusiak salatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak mahai gainean dituen murrizketak oso gogorrak direla. "Obamak %2,3ko murrizketak planteatzen ditu aurrekontuetan eta oso larritzat jo ditu; hemen Urkulluk murrizketak %11,5koak izango direla aitortu digu eta ez da ezer gertatzen".

Muñozen esanetan onartezina da Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi dituen murrizketak, besteak beste enplegu galera handia ekarriko duelako.

Mikel Novalek, berriz, Kapitalaren errentek duten tratu pribilegiatua ezabatu behar dela azpimarratu du. Egun Bizkaian eta Araban % 22ko tasa maximoaren arabera ordaintzen dute, eta Gipuzkoan, % 23koaren arabera. “Zerga sistemaren oinarriak bakarra izan behar luke, diru-sarrera guztiek tratamendu bera izan dezaten.

Gainera, agerikoa da fiskalitatean dagoen iruzurra. Bestela nekez ulertu liteke laneko errentek (22.640 euro) jarduera ekonomikoaren bidez lortutako errenten (12.227euro) ia bikoitza deklaratzea.