Laneko istripuak ez dira arazo "tekniko bat"

2007/03/12
ELAren aburuz, laneko istripuak arazo larria dira, batik bat industriako eta are gehiago eraikuntzako langileei eragiten diena. Azken sektore honetan, zoritxarrez, ezbehar larri eta are hilgarriak sarriegi gertatzen dira, kezkatzeko moduan.

Duela zenbait urte Espainiako estatuan laneko istripuen gaian esku hartzeko eredu jakin bat ezarri da; beronen funtsa, ugazaba, sindikatu eta administrazioaren arteko ekintza bateratu eta koordinatua. Eredu honen adibide dugu Nafarroako Eraikuntzako Fundazio Laborala, UGTk, CCOOek eta sektoreko enpresaburu elkarteek osatzen dutena. Fundazioak ekitaldi honetarako 2,1 milioi euroko aurrekontua dauka; horietatik 1,8 milioi Nafarroako eta Espainiako gobernuen diru-laguntzekin osatzen dira, eta gainontzekoa, kotizazio-oinarriaren %0,08arekin, ekintza eta prestakuntzarako eraikuntzako hitzarmen kolektiboaren esparruan ezarrita dagoena. Bizkaiko eta Arabako eraikuntzako hitzarmenek ere Eraikuntzako Fundaziorako ekarpenak egitea ezartzen dute, kotizazio-oinarriaren %0,23 adina. CCOOek eta UGTk Gipuzkoan antzeko kanon bat ezarri nahiko lukete.

Sistema honek ELAren iritziz ondorio gaiztoak ditu.

Batetik, istripuen izaera mozorrotzen du, interes gatazkatik at ipintzen ditu eta gai ‘tekniko’ hutsera mugatzen ditu (beraz, konpontzeko aski omen da prestakuntza eta kontzientzia hedatzea). ELA ez dator iritzi horrekin bat: sindikatu honen ustez, istripu gehienen atzean ugazaben interes ekonomikoak daude; hauek arriskuen prebentzioari buruzko arauak urratzen dituzte, segurtasun kontutan aurreztu egiten dute, ardurak lausotzen dituzten azpikontrata-kateak egiten dituzte, eta lan-erritmo zein lanaldi zoroak ezartzen dituzte, beharginak leher eginda uzteko modukoak.

Bestetik, sistema horrek sindikatuak indargabetzen ditu, hauek fundazio horietan parte hartzeagatik diru kopuru handiak jasotzen baitituzte. Esan beharra dago CCOOek eta UGTk nagusi diren eraikuntzako hitzarmenetan ezartzen duten beharrezko kotizazioa kanon sindikal bihurtzen dela; kanon hau soldata igoeratik kentzen da, sindikatu horietako liberatuak finantzatzeko.

Hori dela eta, gai honetan aipatutako sindikatu horiek estrategia aldatzen ez duten artean ELAren iritziz ez dago posizio bateraturik lortzeko baldintzarik, eta are gutxiago mobilizazioetan elkar hartzeko.

Bestalde, ELAk argi utzi nahi du laneko istripuen auziaren inguruan LABi euskal gehiengo sindikalaren kanpaina bateratu bat egitea proposatu ziola, apirilean Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan eraikuntza sektorean egun bateko lanuztea eginez amaituko zen kanpaina. Izan diren hartuemanetan ELAk aurreratu dio LABi ez duela sektorearteko greba bat deitzeko baldintza egokirik ikusten.

Dena dela, ELAk adierazi nahi du Hego Euskal Herrirako laneko istripuen aurka errebindikazio kutsu argia duen mobilizazio bat plazaratuko duen gehiengo bat osatzen bada, indarrak batze aldera behar bezala aztertzeko ahalegina egingo duela, laneko istripuen arazoei buruz berak duen ikuspegitik eta egiten duen azterketatik abiatuta.