Langabeen aurka ari da Espainiako Gobernua

2002/04/19
ELAren iritzia langabezia-prestazioen aldaketa dela eta
Langabeziagatik eskaintzen diren babes-prestazioak are gehiago murriztea, hori da Espainiako Gobernuak martxan jarri duen erreforma-neurrien helburua. Eta horixe izan da, hain justu, langabeziaren inguruko erreforma guztien ardatza. Erabat ekonomizista eta gizarteaganako guztiz sentsibilitaterik gabekoa deritzo ELAk Gobernuaren ikuspegiari. Izan ere, aldaketaren xedea ez da lanik gabe daudenei babes soziala eskaintzea, prestazioren bat jasotzen dutenei gerrikoa are gehiago estutzea baizik: baldintzak gogortu egiten zaizkie, susmagarriak bailiren tratatzen dituzte eta edozein lan (edozein baldintzatan) hartzera behartzen. Inongo arrazoi ekonomikorik ez dago horrelako politika egiteko, estatu espainiarrak langabeei babesa emateko duen politika Europa osoko eskasenetakoa baita (superabit ekonomiko dezentekoa duena, gainera). Azken datuek –2001.eko abendukoak– berretsi baino ez dute egiten aipatu prestazio-eskasia. Hego Euskal Herrian, adibidez, lau langabetik batek (% 27k) bakarrik kobratzen du kotizaziopeko langabezia-sorospena edo prestazioa. Kotizazio gabeko prestazioa (asistentziala) kobratzen dutenak gehituz gero, % 43raino igotzen da INEM erakundetik nolabaiteko laguntza jasotzen dutenen portzentajea. Bestela esanda: langabeen % 53ri ez dio inolako sorospenik ematen INEMek. Erreformako neurriei dagokienez, tramitazio-soldatei dagozkienak aipatuko ditugu bereziki, baita Gobernuak ‘enplegu egokia’ deritzon hori ere. Ondorio garrantzitsuak eta larriak ditu tramitazio-soldatak langilea kaleratzen duten unera arte kentzeak. Enpresariei, merkatu egiten die langileak kanporatzea; bestetik, bidegabeko iraizpen edo kaleratzeak izaten direnean erraztu egiten du langileak berriro ez hartzea. Kaleratutako langileari dagokionez, txikiagotu egiten zaio soldataren edo langabezia-prestazioaren babespean dagoen denbora-epea. Horrez gain, langabezia-aldia aurreratu egiten zaio eta kotizazio-epea murriztu; ondorioz, langabezia-prestazioaren iraupenean eragin negatiboa izan dezake. Eta gerta liteke prestazioa kobratzeko adinako kotizaziorik izatera ez heltzea ere. ‘Enplegu egokia’ deritzonari dagokionez, ez da hobea panorama. Erreformaren arabera, eskaintzen dioten ia edozer gauza onartu beharra dauka langabeak: kontratu-mota, iraupena, soldata, lan-baldintzak... Alderdi profesionalari dagokionez, langilearen gaitasun fisiko eta trebakuntzarekin bat datorrena jotzen da enplegu egokitzat lanik gabeko lehenbiziko urtean; hortik aurrera, ordea, INEMen nahierarakoa izaten da egokitasuna. Bestalde, langabearen bizilekutik 50 kilometro baino gutxiagora egon behar du lanlekuak, edo egunean hiru ordutik gorako joan-etorririk ez du eskatu behar (edo soldataren % 20a baino gehiago ez du izan behar joan-etorri gastuak). Hona zer ekarriko dion horrek langabe askori: egunean hamalau ordu lan egin beharra eta soldata hutsaren pare geratzea, edo langabezia-prestazioa murriztea (edo erabat kentzea). Langabeak gaizkileak bailiren tratatzen dituen Gobernuaren sentsibilitatearen adierazgarri aparta da neurri hori, langileen esplotazioaz gain gizartetik eta beren familietatik urruntzea ere bai baitakar. Esan dezagun, azkenik, aurreko araudian ageri ziren zenbait hutsune (aldizkako eta aldi baterako kontratu finkoak, adibidez) bete egin dituela Gobernuak, baina langabeen kalterako betiere. Aipatzekoa da, bestalde, epaileek egiten duten interpretazioa garrantzi handiko gai batean: langabezia-sorospena jasotzeko eskubidea izateko eskatzen den diru-sarrera kalkulatzerakoan ez dute errentatzat jotzen kaleratzearen kalte-ordaina. Baina kalte-ordaina edo indemnizazioa errentatzat hartuz gero, langabezia-sorospena jasotzeko eskubidea galdu egingo lukete askok eta askok. Laburbilduz, antisoziala da erabat Gobernuaren erreforma-proiektua, Aznarren exekutiboaren ikuspegi neoliberalarekin guztiz bat datorrena. Langabezia-prestazioak are gehiago murriztea ekarriko du erreformak eta, gainera, langabeak errunduntzat agerraraztea gizartearen aurrean. 2002.eko apirilaren 19an. PRENTSA-BULEGOAK Gobernuaren mobbing-a (Editoriala. Astekaria 68) ELA-ren Bulego teknikoan diharduen Bixente Harriola abokatuak azaltzen digu erreforma honen edukia eta testuingurua (Elkarrizketa gaztelaniaz dago)