Langabetuak Aznarren jomugan

2002/09/20

Joan den larunbateko manifestazioaren inguruan izan ziren gertakari onartezinak indarrean den legeriari men egitea ororen gainetik jartzearen ondorio logikoa dira. ELAk hala salatu du irailaren 16ko komunikatuan. Zergatik diogu hau? Jaurlaritzak behin eta berriz dioen arren bere jardun politikoaren oinarrietako bat euskal gizartearen borondatea errespetatzea dela, hori adierazteko aukera ezin hobea zuen une honetan kale egin du: Manifestazioa ETAk deituta izanik legez kanpokoa zela esan zuen Garzon epaileak, funts eta oinarririk gabeko auto batean, eta hori izan zen Zabalburu plazan gauzatu zena.

Gizartearen gehiengoak –gobernuan dituen zenbait kide barne direlarik– aurkakoa nahi bazuen ere, balizko ondorio politiko larriak saihestearren –hauen berri ez digute oraindik eman– zorioneko epailearen autoa betearaztea nahiago izan du Baltza sailburuak. Baina hau ez da, bestalde, harrigarria: azken aldion gobernuko goi mailako hainbat ordezkariren ahotan aditu ahal izan diren hitzak berretsi besterik ez ditu egin Herrizaingo sailak irailaren 14an.

Har dezagun ale horietako bat. Inork Jaurlaritzaren izenean hitz egiteko gaitasuna badu, hori Idoia Zenarruzabeitia da, lehendakariorde den aldetik. Eta beronek esandakoak argi utzi du Jaurlaritzaren ildo politikoa zein den: Lehendakariordeak uda honetan esan duenez, edozein erabaki dela ere, “euskal gizartearen segurtasun juridikoa zalantzan jarri gabe” hartuko dute, “behar izan gabe Gobernu espainolarekin ustezko gatazkak sortu gabe eta orain arte egituratu diren esparruekiko erabateko errespetuaz”.

Ustezko gatazkaz ari bagara, gatazkarik ez dela esan liteke. Ez ote da horixe PP eta PSOEren tesia? Burujabetzarako programa eskuan 600.000 boto lortu zituen lehendakariaren estrategia hori bada, noiz ekingo dio legea euskal gizartearen arabera gauzatzeari? Madrildik datorren erauntsiaren xedea eskubideak urratu, gizartea nahastu, zatitu eta bertoko mapa politikoa euren neurrira taxutzea delarik, men egin ote behar zaie ildo hori erabakitzen duten politikari, epaile eta legeei? Estatutu agortu honetatik eta Konstituziotik kanpo bizirik ez dela uste ote dute Gasteizen, Madrilen sinetsarazi nahi diguten bezala?

Ez da oso azkarra izan behar Madrilek gatazka politikorik gabe ez duela amore emango. Geuk badakigu lan munduan helbururen bat lortzekotan indarren talka ezinbestekoa dela. Politikan ere hau gertatzen da. Behar bezala jokatuz gero, erabakitzeko aukera jokoan dela ikusten badute, herritarrek erantzungo dute. Erakundeen esku dago, borondatea badute bederen, horren aitzindari izatea.