Enplegu datuak

Langabeziak eta behin-behinekotasunak gora egin dute, batez ere emakumeen artean

2024/09/03
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, abuztuan 3.364 langabe gehiago daude, eta emakumeei bereziki eragin die. 2010. Urteaz geroztik izan den daturik okerrena da.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren abuztuko datuak kezkagarriak dira: langabeen kopuruak nabarmen egin du gora uztailarekin alderatuta, eta daturik txarrena da 2010. urteaz geroztik. Langabeziaren hazkundea 3.364 pertsonakoa izan da, eta horietatik gehienak emakumeak dira (+2.355). Aipatzekoa da duela urtebete baino okerrago gaudela; izan ere, abuztuan 140.770 pertsona zeuden langabezian, hau da, duela urtebete baino 2.948 pertsona gehiago.

Hego Euskal Herriko langabeziak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du: Hego Euskal Herrian %9,8koa da eta Europar Batasuneko batez bestekoa %6koa izan zen uztailean.

Abuztuan egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak dira. Abuztuan sinatutako kontratuen %79,1 aldi baterakoak izan dira. Datu horrek kezka sortzen du, adierazle horren joerak gora egiten jarraitzen baitu.

Bestalde, langabezian inskribatutako pertsonen %47k ez zuen inolako langabezia prestaziorik jaso uztailean. Eta hirutik batek bakarrik jaso zuen kotizaziopeko langabezia prestazio bat. Batez besteko zenbatekoa 965 eurokoa izan zen EAEn eta 995 eurokoa Nafarroan; zifra horiek ez dute bizimodu duina bermatzen.

Abuztuko zifrak ez dira batere positiboak. 2010. urteaz geroztik abuzturik txarrena izan da, horrekin batera langabeziak nabarmen egin du gora emakumeen artean. Gainera, enpleguaren kalitatea kaskarra izaten jarraitzen du, behin-behinekotasunaren gorakadak erakusten duen bezala. Hori guztia Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan dauden testuinguru batean, asko soldata txikiekin, laneko segurtasun faltarekin eta beste hainbeste behin-behineko kontratuekin.