Langabezia Europan baino askoz gehiago hazten ari da

2009/04/02
INEMen erregistraturiko langabezia 159.401 pertsonatakoa izan zen Hego Euskal Herrian martxoan, aurreko urtean baino %50,1 altuagoa.

Langabezia hemen Europako Batasunean baino nabarmen gehiago igotzen ari dela baieztatzen du honek, nahiz eta ekonomi egoera ingurukoa baino hobea izan.

Langabezian dauden pertsonen %50,1eko urtearteko igoera, aurreko hilean baino oraindik altuagoa da (%41ekoa izan baitzen otsailean). Europako Batasunean hazkundea %18,7koa izan zen otsailean, hemen baino askoz baxuagoa.   

Egungo egoera ekonomikoa aitzakiatzat hartuta, patronalak xantaia eta mehatxua egin, eta lana suntsitzeko baliatzen ari da, beraien mozkinak gehiago handitzeko. Honen aurrean, eta orain inoiz baino gehiago, lanaren alde eta lan baldintzak hobetzeko borrokatu behar dugu.

Kontutan eduki behar da, gainera, hiru pertsonetatik batek ez duela langabezia saririk jasotzen. Kotizatutako langabezia saria jasotzen du %49,3ak, eta %17,1ek kotizatu gabekoa (diru zenbatekoa txikiagoa da askoz).

ELAk bere militantziari, eta Hego Euskal Herriko langileria guztiari dei egiten dio enpresetan ematen ari den lan suntsiketa ez onartzeko, eta eraso guzti hauei erantzuna emateko maiatzaren 21eko greba orokorrean kalera atereaz. Gaur ezagutzera emaniko langabeziaren datuak, egoeraren larritasunaren adibide dira, eta honetara eraman gaituzten enpresa politika eta gobernuen aurrean erantzun sendo bat ematera behartzen gaituzte.