Langabezia ia 10 puntu gehitu da 2008tik hona Hego Euskal Herrian

2012/05/21
ELAk salatu nahi duenez, Hego Euskal Herriko langabezia maila espainiar estatukoa baino txikiagoa izan arren, Europar Batasuneko lehen postuetan dago. Aurten langabezia %16ra iritsi den bitartean, Europar Batasunekoa, batez besteko %10,2koa da. Egoera honetan, agerikoa da Eusko Jaurlaritzak langabeziaren aurka otsailaren 22an onartu zuen plana patronalaren jokabidea zuritzea datorrela.

 

Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak, Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak, eta Janire Landaluze, ikerketa bulegoko kideak Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOek eta UGTk, Gizarte-Elkarrizketarako Mahaiaren baitan otsailean sinatu zuten “Langabeziaren aurkako 2012rako Plana” kritikatu dute gaur Bilbon.

ELAren iritziz, Planaren izenak ez dauka zerikusirik bere edukiarekin. “Benetan ez dago enplegua sortzeko izango den neurririk. Aipatzen diren jardunbideak hutsalak dira, asmo onak, teoria baino ez, zerbitzu eta funtzioen deskribapenetik hara doan ezer ez; zentzu praktiko eta erreala duen ezer ez dago”.

Muñozen esanetan egoera ekonomikoa oso larria da, dena hankaz gora dago. “Uda bitartean oso neurri larriak hartuko dituzte eta orain gezurretan ari dira”, azpimarratu du. Era honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskunde giroa bizi dugula eta Eusko Jaurlaritzari ez diegula ezer sinistu behar adierazi du. “Eusko Jaurlaritzak doikuntza politikak eta murrizketa sozialak ezartzen ditu; hezkuntza, osasungintza eta etxebizitzarako bideratzen den dirua mozten du; gizarte-prestazioak ari da kentzen, eta milaka herritarri hauek izateko eskubidea ukatzen die; enplegu publikoa ere gutxitzen ari da”.

Irakurri txostena