Langabezia tasa %17,5ean kokatzen da Hego Euskal Herrian

2013/10/02
Enplegurako Zerbitzu Publikoak gaur argitaraturiko langabeziari buruzko datuak oso txarrak dira berriro ere, Hego Euskal Herrian irailean 226.893 langabe egon direla baitiote, abuztuan baino 3.061 gehiago eta duela urte bete baino 13.077 gehiago.

Langabe kopurua %6,1 igo dela urte betean adierazten du honek, 28-EBko ia bikoitza (%3,4), eta han ere ematen ari da egungo krisi ekonomikoaren garaia. Era berdinean, langabezia tasa %17,5ean kokatzen da Hego Euskal Herrian, 28-EBkoa (%10,9) baino 6,6 puntu altuago. Espainiar estatuak (%26,2) eta Greziak (%27,9) bakarrik dute langabezia tasa altuagoa. Langabezia tasa eta hauen hazkundeak handiagoak direla murrizketa eta erreforma sakonagoak ematen ari diren tokietan erakusten dute datu hauek.

Gainera, ia langabeen erdiak (%45,2) ez du inolako langabezia saririk jasotzen, eta %34,7ak soilik jasotzen dute kotizaziopeko prestazioa.

Etengabeko murrizketa eta erreformek, langabezia, pobrezia eta gizarte babesik eza areagotzen dute. Iraunkortasun faktore eta errebalorizazio indizearen sarrerak pentsioen eros ahalmenean suposatuko duen murrizketan dugu azken adibidea. Ezin diegu utzi bide horretatik jarraitzen, eta horregatik, lan egiten datorren beste erakunde sozial eta sindikalekin batera urriaren 19rako deitu dituen manifestazioetan partehartzera deitzen du ELAk.