Langabeziak gora egin du abuztuan Hego Euskal Herrian
Enplegurako Zerbitzu Publikoetan izena emaniko langabe kopurua 223.832takoa izan da Hego Euskal Herrian abuztuan, uztailean baino 1.260 eta 2012ko abuztuan baino 15.355 gehiago. Hau da, langabe kopurua %7,4 hazi da urte betean, 28-EBn baino nabarmen gehiago, hazkundea %3,8koa izan baita han.
Langabezia tasa %17,3koa izan da beraz, hau ere 28-EBkoa baino askoz altuagoa, desenplegua %11koa izan baita han uztailean.
Gainera, langabeen %45,3ak ez du inolako langabezia saririk jasotzen, eta %34,4ak soilik kobratzen du kotizaziopeko saria. Gero eta langabe gutxiagok kobratzen dute langabezia saria, eta kobratzen dutenek, gero eta kopuru baxuagoak jasotzen dituzte.
Nora eraman nahi gaituzte? Nahikoa da egoera larriagotzen duten murrizketa eta erreformekin. Gizarte mobilizazioa eta enpresetan antolakuntza inoiz baino beharrezkoagoak dira gure eskubide sozial eta laboralei eraso hauekin bukatzeko.