BIZTANLERIA AKTIBOAREN INKESTA

Enpleguak okerrera egin du eta genero-arrakala handitu da

2026/04/28
Enpleguak okerrera egin du eta genero-arrakala handitu da
Biztanleria Aktiboaren Inkestaren 2026ko lehen hiruhilekoko datuek erakusten dute enpleguak okerrera egin duela nabarmen, okupazioak nabari egin du behera eta langabeziak gora egin du, emakumeei gehiago eraginez.

Urteko lehen hiruhilekoan 19.800 pertsona okupatu galdu dira aurreko hiruhilekoaren aldean. Jaitsiera, balio erlatibotan, handiagoa da Nafarroan (-%2,9), 9.200 pertsonako jaitsiera handiarekin; EAEn zifra  handiagoa da (9.700) , baina portzentaje txikiagoa (-%0,9). Enpleguaren suntsiketa batez ere emakumeen artean kontzentratzen da, 13.800 okupazio galdu baitituzte; gizonek, ordea, 5.000.

Urte arteko datuei dagokienez, 6.500 pertsona gehiago daude okupatuta. Hala ere, bilakaera positibo horrek emakumeen narriadura handia ezkutatzen du, horien artean 16.400 enplegu suntsitu direlako, genero-arrakala handitu dela agerian utziz.

Lanaldi partzialeko enpleguak antzeko mailetan jarraitzen du, %14,2ko tasarekin, aurreko hiruhilekoan baino bi puntu gutxiago. Jaitsiera horren arrazoia ez da enpleguaren kalitatea hobetzea, lanpostu mota horiek suntsitzea baizik. Partzialtasunak oso modu desberdinean eragiten du: emakumeen %22,6k lanaldi partzialean lan egiten du, eta gizonen %6,8k.

Behin-behinekotasunak maila altuetan jarraitzen du, %18,2an kokatuz. Gainera, azken hiruhilekoan gizonen eta emakumeen arteko aldea handitu egin da, tasa %14,3 da gizonen artean eta %22,2 emakumeen artean, horrela emakumeen prekarietatea betikotzen ari da.

Langabeziak ere ez du datu positiborik izan. Langabeziak gorakada handia izan du eta %8,4an kokatu da, 0,8 puntuko igoera eta duela bi urteko mailetara itzultzea. Langabezia-tasa %9,5ekoa da emakumeen artean, eta % ,5ekoa gizonen artean. Bestalde, gazteen langabeziak ere okerrera egin du nabarmen, eta %20tik gorakoa da berriro, hain zuzen, %22koa.

Oro har, 2026. urtearen hasierak lan-testuingurua nabarmen okertu dela erakusten du. Enpleguaren suntsiketak, langabeziaren gorakadak eta prekarietate-maila altuen egonkortzeak, bilakaera negatiboa berresten dute, bereziki emakumeei eta gazteei eragiten diena.