SEPE DATUAK

Langabeziak gora egin du eta geldialdia berretsi da

2026/07/02
Langabeziak gora egin du eta geldialdia berretsi da
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, langabeen kopuruak beheranzko joera eten du, enpleguarentzat positiboa izan ohi den hilabete batean.

Ekainean, oro har, datu onak izaten dira udako denboraldia hasten delako. Hala ere, aurten langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian: 503 pertsona gehiago, eta guztira 132.251 pertsona daude langabezia egoeran. Gainera, badago geldialdia berresten duen beste datu bat ere: gaur egun iazko ekainean baino 902 langabe gehiago daude.

Lurraldeka, EAEn langabezia 479 pertsonatan igo da; Nafarroan, berriz, kopurua ia ez da aldatu aurreko hilaren aldean. Langabeziaren igoera emakumeen artean baino ez da gertatu, 580 emakume gehiago daude langabezian, eta, aldiz, gizonen langabeziak ez du aldaketarik izan. Joera horrek berriro erakusten du emakumeak direla enpleguaren okertzearen ondorioak gehien pairatzen dituztenak.

Gazteen langabeziaren datuek ere ez dute egoera hoberik islatzen. Ekainean, 47 gazte gehiago geratu dira langabezian, eta guztira 11.632 dira. Pandemiaren aurretik erregistratutako kopurua baino handiagoa da hori, eta agerian uzten du gazteen prekarietatea ez dela koiunturala, egiturazkoa baizik.

Kontratazioaren datuek ere behin-behinekotasun handia islatzen dute. Espainiako Lan Ministerioaren datuen arabera, ekainean Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %77 aldi baterakoak izan ziren; hau da, lau kontratutik hiru baino gehiago.

Oro har, datuek erakusten dute enpleguaren bilakaerak okerrera egin duela uda hasieran, historikoki enpleguarentzat ona izan ohi den hilabete batean. Gainera, langabeziaren beheranzko joera eten egin da, eta langabeen kopurua iazko aldi berekoa baino handiagoa da.