Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian azken hiru hiletan eta emakumezkoak jo ditu latzen

2023/01/26
2022ko azken hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, langabetu kopurua 7.300 handitu da Hego Euskal Herrian. Aldiz, 9.900 landun gutxiago daude; horietatik 8.700 emakumezkoak dira.

Sektoreei dagokienez, zerbitzuen sektoreko okupazioak jaitsiera handia izan du aurreko hiruhilekoarekin konparatuta, 22.700koa hain zuzen; hiruhileko arteko enpleguaren sorrera eraikuntzan (+6.300) eta industrian (5.400) gertatu da. Iazko azken hiruhilekoaren aldean, enpleguak ere behera egin du, 2.500 pertsonatan kokatu da jaitsiera eta batez ere zerbitzuen sektorean gertatu da.

Kontratuen behin-behinekotasunari erreparatzen badiogu, ikusten da azken hiruhilekoan kontratu mota hori duten pertsonak 20.700 gutxiago izan direla; iraupen mugagabekoak, berriz, 18.800 gehiago izan dira. Beraz, aldi baterako tasa % 19,3 murriztu da. Alde horretatik, emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dute, behin-behinekotasuna % 24,1ekoa baita. Behin-behinekotasuna murrizten ari den arren, sektore publikoko tasak oso handia izaten jarraitzen du, batez ere EAEn, % 43,9ra iristen baita. Gainera, azpimarratu behar da EBko tasaren gainetik jarraitzen dugula.

Emakumeei gehiago eragiten dien beste arlo bat da nahi ez den lanaldi partzialarena. Lau emakumetik ia batek (% 23,8) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, % 7,1ekoa da. Hori da emakumeek lan eremuan jasaten duten diskriminazioaren beste erakusle bat.

Desenpleguari dagokionez, 2022. urtea 122.900 langabeturekin amaitu da Hego Euskal Herrian, hau da, 7.300 langabetu gehiago izan dira aurreko hiruhilekoaren aldean. Emakumeen artean langabeziak nabarmen egin du gora azken urtean, 8.900 pertsonako igoerarekin, eta langabezia % 9,6koa izan da laugarren hiruhilekoan, duela urtebete % 8koa zen. Zifra horiek ez datoz bat gizonen datuekin, gizonen tasa puntu bat jaitsi baita, % 9,5etik % 8,5era. Horrela, Hego EHko langabezia orokorra %9raino handitu da (% 8,7 EAEn eta % 10,1 Nafarroan). Bestalde, azpimarratu behar da Europar Batasuneko langabezia oso azpitik dagoela oraindik (% 6). Azkenik, gazteen artean tasa oso handia da oraindik, % 22,7koa.

Datu negatiboak dira, langabeziak gora egin baitu eta okupazioak behera. Bilakaera negatiboa ez da bakarrik hiruhilekoen arteko alderaketan ikusten, urte arteko alderaketan ere bilakaera negatiboa dago. Hori guztia gertatu da, 2022an ekonomia % 4tik gora hazi denean. 2023ari dagokionez, badakigu hazkunde aurreikuspenak okerragoak direla, eta, beraz, ezkorrak gara urte honetan enpleguan gerta daitekeenarekin. Gainera, gogora dezagun bizitzaren kostua garestitzeak eta soldatak KPIarekin ez eguneratzeak langile klasea pobretzea ekarri duela. Horregatik, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa, baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko.