Langabeziak gora egin du otsailean emakume langabetuen gorakadagatik

2022/03/02
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, langabezia 33.693 pertsonara igo zen, pandemia aurreko mailetatik oso gertu.

Joan den hilean 876 langabe gehiago erregistratu ziren Nafarroan, horrek esan nahi du 2013tik izan den bigarren otsailik okerrena izan dela. Langabeen kopuruak gora egin zuen batez ere emakumeen kontura, urtarrilean baino 640 emakume gehiago egon ziren langabezian. Bestalde, gazteek, emakumeek bezala, emaitza negatiboa izan zuten: desenplegua %8,8 igo zen 25 urte baino gutxiagoko adin tartean, aurreko hilean baino 266 langabe gehiagorekin.

Europarekin alderatuta, HEHren langabezia-tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du, Hego Euskal Herrian tasa %10,5koa zen bitartean, Europar Batasuneko batez bestekoa %6,4koa izan zen.

Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin-behinekotasun-tasa pixka bat hobetu da aurreko hilabeteetako kopuruen aldean; hala ere, behin-behinekotasunak ehuneko oso handia izaten jarraitzen du oraindik. Ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %87 aldi baterakoak izan ziren. Kontratazio mugagabearen barruan, estatuan (ez baitago autonomia-erkidegoen arabera banakatuta), nabarmen handitu zen aldizkako kontratu finkoen erabilera. Beraz, estatistikek errealitatea makillatzen ari dira; izan ere, praktikan, aldizkako langile finkoen hobekuntzak hutsalak dira aldi baterako kontratuen aldean.

Egoera horren aurrean, ELAk berriro errepikatzen du lan-erreformak erabat indargabetzea dela aukera bakarra. Gainera, datu hauen aurrean eta martxoaren 8aren aurreko egun hauetan, ELAk neurri irmoak eskatzen ditu emakumeen lan-baldintzak duintzeko eta prekarietatearekin amaitzeko, aldi baterako eta lanaldi partzialeko enpleguek beraiei eragiten baitie gehien bat.