Langabezian dauden pertsonen erdiak ez du prestaziorik jasotzen

2013/11/05
Gaitzesgarria da oso Urkulluren eta Barcinaren Gobernuek pertsona hauen egoera aldatzeko ezer ez egitea eta hau sortu duten politikekin jarraitzea.

Enplegu Zerbitzu Publikoak gaur argitaraturiko datuek Hego Euskal Herrian urrian langabezian izandako pertsona kopurua 229.189koa izan dela adierazten dute, irailean baino 2.296 gehiago eta duela urte bat baino 10.118 gehiago.

Langabezia tasa %17,9koa da, EB-28koa (%11) baino 6,9 puntu altuagoa, eta soilik Espainiar Estatuak (%26,6) eta Greziak (%27,6) daukate tasa altuagoa. Datuak argigarriak dira: zenbat eta murrizketa eta erreforma gehiago, orduan eta langabezia tasa altuagoa.

Oso larria da ere langabezian dauden pertsonen egoera babes sozial faltagatik. Izan ere,  langabezian izena emanda dauden 113.315 pertsonek (%50a) ez dute inolako langabezia prestaziorik jasotzen. Soilik hirutik batek (%30,1ek) jasotzen du kotizaziopeko prestazioa, eta %19,9ak gizarteratze errenta edo subsidioa jasotzen du.

Giza emergentzia egoeran egon arren, Urkulluren eta Barcinaren Gobernuek murrizketekin eta gizartea pobreziara eramaten jarraitzen dute, egoera honetara eraman gaituzten politikak egiten segitzen baitute.