Langabezian diren 10 pertsonatik 4k ez dute inolako langabezia saririk jasotzen

2012/02/02
Instituzioek aplikatzen dituzten murrizketa politikoen ondorioz langabezia Europako tasarik altuenetarikoen artean dago, eta igoera izugarri handia izaten ari da. Erantzukizun politikoa salatu nahi du ELAk.

Lan Zerbitzu Publikoaren (SEPE) zerrendetan langabezian dagoen pertsona kopurua 206.016koa izan da 2012ko urtarrilean Hego Euskal Herrian, aurreko hilean baino 13.676 gehiago. 2011an, urte osoan, igoera 17.748koa izan zen. Instituzioek aplikatzen dituzten murrizketa politikoen ondorioz langabezia Europako tasarik altuenetarikoen artean dago, eta igoera izugarri handia izaten ari da. Erantzukizun politikoa salatu nahi du ELAk.

Langabeziaren bilakaera kezkagarria alde batera utzita, enplegu eta babes sozialarentzat kaltegarriak diren murrizketa eta erreformak egiten jarraitzen dute Gobernuek. Zentzu honetan, hartzen diren neurri guztietatik langabezian inolako lan-saririk jaso gabe daudenen (%41,1a) aldekoa bat bakarrik ere ez izatea salatzen du Sindikatuak. Ezta kontratazioan dagoen prekarietatearen aurkakorik ere, izan ere sinatzen diren kontratuen %93,9a behin-behinekoa da.

ELAk egiten diren politiken aldaketa sakona eskatzen du, eta hau, antolakuntza eta mobilizazioaren bidez bakarrik lortu daiteke. Horregatik, murrizketen aurka datorren otsailaren 25ean Bilbon egingo de MANIFESTAZIO NAZIONALERA joateko deia luzatzen dio ELAk langileria guztiari.