Langabeziaren hazkundea erreformaren porrotaren adierazle

2010/10/04
INEMeko langabezi zerrendetan izena emanikoen kopurua 171.923 pertsonatakoa izan da irailean Hego Euskal Herrian, eta honek, 1.764 pertsonatako igoera suposatzen du aurreko hilarekiko, eta 11.176koa 2009ko irailarekiko.

Gobernuen politikek enplegu sorreraren helburua alde batera utzi dutela erakusten du ELArentzat hazkunde honek, aurrekontu murrizketari nagusitasuna emanez. Murrizketek, beraz, handitu egin dute langabezia eta gizarte babes eza.

Langabezian dagoen hiru pertsonatik ia batek ez du inolako langabezi saririk jasotzen, eta beste %25 batek asistentzia-prestazio bat baino ez du jasotzen. Era honetara, agerian geratzen politika publikoen ezeraginkortasuna baita lan merkatuko desoreka eta beharrizan sozialei erantzuteko garaian ere.

Gainera, irailean sinaturiko kontratuen %91,9 behin-behinekoa izan da, aurreko irailean baino 0,6 puntu gehiago. Datuek erakusten dutenez, lan erreformaren ondoren, murriztu ordez, aldi baterako kontratuen portzentajea gehitu egin da, eta honek, lan erreformaren porrota adierazten du.