Langabeziaren igoerak gobernuaren politiken porrota adierazten du

2009/09/02
INEMek gaur argitaratu dituen datuak benetan ikaragarriak dira. Izan ere, Hego Euskal Herriko langabezia-kopuruak 157.709 bizilagun hartzen ditu, aurreko hilabetean baino 3.275 gehiago, eta iazko epealdian baino 51.341 gehiago.

Datuak, bestalde, bereziki adierazgarriak dira, Europako herrialdeetako datuekin alderatuz gero; hala da, iazko abuztutik hona langabeen kopurua %48,3 igo bada Hego Euskal Herrian, EB-27an uztaileko urtetik urterako igoera (azkena Europako mailan) %30,6koa izan da. Beraz, Hego Euskal Herrian langabezia neurri handiagoan igotzen ari da; eta horrek esan nahi du, egoera ekonomikoa moteldu delako aitzakiatan, enplegua suntsitzen ari dela.

Gainera, langabeen %74'9ek ez dute kontribuzio-bideko prestaziorik, eta %30’4ek ez dute inolako prestaziorik langabezia dela-eta. Argi ikusten da, beraz, gizarte-politiken urritasuna, baita langabeen beharrizanei dagokienez ere.

Kontratazioari buruzko datuak ere txarrak dira, abuztura arte 165.963 lan-kontratu gutxiago egin baitira, iazko epealdi berean baino. Hori guztia gutxi balitz, lan-kontratu guztien artetik behin-behineko kontratuen portzentajea igo da: %90’6tik %92ra.

Lan-errentek aberastasunean zuten partehartzea, ordea, jaitsi zen hazkunde ekonomikoaren garaian; eta orain, egoera ekonomikoa moteldu denean, joera horri eutsi nahi diote. Horretarako, bidegabeko enplegu murrizketaz baliatzen dira; horrela ordainarazten dizkiote langile jendeari krisiaren ondorioak. Beti bezala, banaketa-kontua da. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, ez dugu besterik geure burua antolatzea eta gure interesen alde jokatzea baino.

Datuok egungo politiken porrotaren adierazgarriak dira. Patxi Lopezen gobernuak enpleguaren egoerari aurre egiteko duen gaitasun ezaren ispilu dira eta mahai sozialean hartu diren neurrien ezintasuna nabarmentzen dute.

Era honetan, gure interesak babesteko antolatzea baino ez zaigu geratzen.