Hezkutza Saileko Sukaldeak eta Garbiketa

Langile bat finkotzat jo du epaileak ELAren salaketari esker

2023/03/03
Epaiak egiaztatu du langilea kontratu iruzurrean aritu dela lanean, eta administrazioarekin duen lan harremana finkoa dela adierazten du. ELAk Jaurlaritzari eskatzen dio sektoreko langile guztiei aitor diezaiela behin betikotasuna.

Gasteizko Lan Arloko 4. epaitegiak ebatzi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sukalde eta garbiketa sektoreko langile baten lan harremana finkoa dela. ELAk eraman zuen epaitegietara auzia, eta orain arrazoia eman dio justiziak.

ELArentzat epaia garrantzitsua eta positiboa da bi arrazoiengatik. Lehenik eta behin, agerian uzten du Hezkuntza Sailaren behin-behinekotasun politika, 2001etik ez baita LEPik egin kolektibo horrentzat. Bigarrenik, epaiak (ELAk lortutako beste batzuekin batera) bidea irekitzen jarraitzen du prozesu bat gainditu eta lan iruzurrean dauden langileak finko bihurtzeko.

Eusko Jaurlaritzak enpleguarekin konprometituta dagoela dio, baina bere ekintzak oso urrun daude adierazten duenetik. Epaia da horren adibide: finkotzat jo duten sukalde eta garbiketa sektoreko langileak 25 urtez jardun du behin-behinean. Era berean, gogora dezagun sektoreko langileek 10 eguneko greba egin dutela benetako sendotze prozesu bermatzailea lortzeko.

Azkenik, ELAk Hezkuntza Sailari eskatu dio kalitatezko zerbitzu publikoen alde egin dezala. Eta, beraz, enpleguaren egonkortasuna eta lan baldintzak hobetuko dituzten erabakiak hartzea. Horrela, ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio aipatutako epaiaren aurka errekurtsorik ez jartzeko eta ofizioz onar dezala egoera horretan dauden lan kontratuko langile guztien izaera finkoa.