Langile bat hil da Muxikan basoko lanetan zela

2021/07/07
ELAk jakin ahal izan duenez, gaur goizean beste lan heriotza bat gertatu da Muxika udalerrian eta, oraindik ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, basoan lanean zebilen beste langile bat hil da bertan. Iaz 2020. urtea bukatu eta, pandemiaren geldialdia izan zela kontuan izanda, 70 pertsona hil ziren lanean. Aurten, 32 hildako izan dira HEHn. Uztailari dagokionez, dagoeneko 3 hildako izan ditugu 7 egun eskasean. Zifra onargaitza.

Basogintza-sektoreari dagokionez, gainera, nabarmendu behar dugu aurten hiru pertsona hil direla baso-langileen artean, antzeko egoeretan. Eta, are kezkagarriagoa dena, Muxikako udalerrian, zehazki, baso-lanetan lan eginez, gaurko heriotza horrez gain, beste bat zenbatu genuen 2020ko uztailean eta beste bat gehiago 2019ko martxoan ere.

Beste behin ere, ELAk salatu behar du enpresek ez dutela prebentzio-neurri eta -baliabide nahikorik ipintzen; izan ere, enpresek, beren etekinak lehenetsiz, lanean hiltzera behartzen dituzte langileak. Prekarietatea, behin-behinekotasun tasa handia, azpikontratazio-kateak eta prebentzio-legea sistematikoki ez betetzea dira gaitz horren jatorriaren atzean dauden arrazoi nagusiak.

Era berean, arazo horri heltzeko eta errotik konpontzeko borondate politikorik ez dagoela salatu behar dugu. Administrazioak gutxieneko kontrolik oinarrizkoena ere ez du egiten, Lan Ikuskaritzan eta Osalanen baliabiderik ez dagoenez, eta zigor gogor eta eredugarririk ez daudenez, errealitate honetara bultzatzen gaituzte eta langileok ez dugu errealitate hori inolaz ere onartuko.

ELAk, euskal gehiengo sindikalaren parte den aldetik, dei egiten die herritarrei datozen orduetan gure herrialdean azken lan-heriotzak salatzeko deituko ditugun elkarretaratzeekin bat egiteko.