Langile bat hil egin da Donostian

2023/01/31
Etxebizitza bateko telekomunikazio lanak egiten zegoela, gune altu batetik erorita zendu da behargina. Datu argi gutxi daude oraindik, baina informazio bila ari da ELA orain. 2023an, dagoeneko, bost langile zendu dira Euskal Herrian. Horietatik bi Gipuzkoan.

Gipuzkoako hiriburuko Bilbo Plazatik gertu dagoen etxebizitza bateko lanetan hil egin da langilea. ELAk etengabe salatu du laneko heriotzak ez direla fenomeno naturalak, etekin ekonomikoak langileen lan eta bizi baldintzen aurretik jartzearen ondorioa baizik.

Enpresaburuek prekarietatea bultzatzen dute irabaziak handitzeko, langileak segurtasun neurri egokirik gabe aritzera behartuz. Hori kontrolatu beharko luketen erakunde publikoak beste aldera begira daude.

Bada garaia enpresen betegabetzeak behar bezala kontrolatzeko, eta horretarako, beharrezkoa da kolapsatuta dauden Osalan eta Lan-ikuskaritzen plantillak bikoiztea, Europako bataz bestekora berdinduz.