Gasteizko Udala – Uraren ziklo integralaren zerbitzua
Langile bat legez kanpo lagatzeagatik AMVISA zigortzen duen epai bat irabazi du ELAk

AMVISA, uraren ziklo integralaz arduratzen den Gasteizko Udalaren enpresa, legez kanpoko langileen lagapenagatik kondenatu dute. Hala adierazi du Gasteizko lan arloko epaitegi batek, erabiltzaileari arreta emateko zerbitzurako azpikontratatutako enpresa baten bidez lan egiten zuen langile bati eragiten dion epai batean. Epaiak ezartzen du AMVISAk kontratatu behar duela zuzenean, egungo bere lan baldintzak errespetatuz.
ELAk behin baino gehiagotan salatu izan du administrazioek, kasu honetan Gasteizko Udalak, azpikontratazioa kostuak merkatzeko erabiltzen dutela, zerbitzu publikoak hondatzearen eta lan baldintzak prekarizatzearen kontura.
Gaur egun, antzeko egoeretan dauden beste bi langileren kasuak epaitegietan daude: bat Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak errekurtsoa ebazteko zain dago, eta bestea laster izango den epaiketaren esperoan.
Gogoratu behar da AMVISAko erabiltzaileentzako arreta zerbitzua ematen duten langileak lau hilabete baino gehiagoko greban egin zutela lan baldintzak eta ematen duten zerbitzu publikoa hobetzeko. Greba akordio garrantzitsu batekin amaitu zen.
ELAk uste du epai honek berretsi egiten duela, beste behin ere, AMVISAren eta Gasteizko Udalaren langileen kudeaketa txarra: negoziaziorik eza, prekarietatea, eta grebarako eskubidea urratzeagatik Lan Ikuskaritzaren txostenak ere bai.
ELAk zerbitzua barneratzeko eskatu du, plantilla osoa subrogatuta, kalitatezko zerbitzu publikoa eta lan baldintza onak bermatzeko.