Langile batzordeak elkartasun osoa adierazi die greban dauden garbikuntzako langileei
Hau da Bilboko Udaleko Langileen Batzordearen mezua (ELA, LAB, CCOO):
"Bilboko Udaleko Langileen Batzordeko kide garen sindikatu sinatzaileok erabateko babesa eta elkartasuna adierazten diegu udal-eraikin eta lokal publikoetako garbiketako langileei, lan-baldintza bidezkoen alde greba mugagabean baitaude gaur egun.
Justifikaziorik gabeko genero-arrakala soldatetan
Ordezkaritza sindikaletik irmoki salatu nahi ditugu kolektibo honek jasaten dituen soldaten genero-arrakala nabarmena eta muturreko lan-prekarietatea.
Kale-garbiketako zerbitzuek (tradizioz sektore maskulinizatua) «duintzat» jotzen diren baldintzak dituzten bitartean, hiriko ikastetxeak, liburutegiak, polizia-etxeak eta beste eraikin publiko batzuk garbitzeaz arduratzen diren langileek hilean 1.200 eurora ozta-ozta iristen den soldata jasotzen dute.
Soldata-alde horren ondorioz, kale-garbiketako lankideek baino 600 euro gutxiago kobratzen dituzte hilean. Alde ekonomiko hori ez da justifikatzen inolako irizpide teknikoren, ahaleginaren edo arriskugarritasunaren arabera, eta generoan oinarritutako lan-diskriminazioa agerian uzten du.
Bilboko Udalaren zuzeneko erantzukizuna
Sindikatu sinatzaileok Bilboko Udala jotzen dugu egoera honen erantzule nagusitzat.
Udal Gobernu honek bultzatutako zerbitzu publikoen kanporatze-ereduak aurrezpen ekonomikoa lehenesten du eta lan-prekarietatea sustatzen du. Horren ondorioz, enpresa esleipendunek etekin handiagoak lortzen dituzte hiriaren funtzionamendurako ezinbestekoa den langile talde bat pobretzearen kontura, langileen ongizatea erabat baztertuta.
Lan-gatazka honen aurrean, sindikatu sinatzaileok honako hau eskatzen dugu:
1. Elkarrizketa-mahai bat berehala eratzea, enpresa esleipendunak zein Bilboko Udalak parte har dezaten.
2. Udalak bere erantzukizunak bere gain hartzea, eremu guztietan lan- eta soldata-baldintza duinak bermatuko dituzten akordioak lor daitezen.
Bilboko herritarrei, eta bereziki udal-langileei, dei egiten diegu garbiketako langile horiei elkartasuna adieraz diezaieten. Era berean, zerbitzu publikoetan soldata-berdintasunaren eta justizia sozialaren alde deitutako mobilizazioekin bat egitera animatzen ditugu".