Langile falta, lan baldintzen prekarizazioa eta antolaketa faltaren ondorioz aurkeztu dute balizko dimisioa EAEko espetxeetako arduradunek

2022/05/18
ELAk jakin ahal izan duenez eta Eusko Jaurlaritzaren baieztapen ofizialaren zain, Arantza Collado espetxeetako langileen kudeaketarako zerbitzuburuak eta hiru espetxeetako beste lau arduradunek dimisioa aurkeztu dute. ELAk uste du balizko dimisio horiek EAEko espetxeetan transferentziaren ondoren sortutako langile faltaren, lan baldintzen prekarizazioaren eta antolaketa kaosaren ondorio direla.

Joan den urteko uztailean, ELAk proposamen bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari, espetxeen berehalako transferentziaren atarian. Dokumentu horrek euskal espetxe ereduak izan beharko lituzkeen oinarriak azpimarratzen zituen, baita zein lan baldintzatan oinarritu beharko litzatekeenak ere.

Ia urtebete geroago, egoera ezin etsigarriagoa da, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz ez die jaramonik egin sindikatuak egindako proposamenei, eta urrian,akordioa sinatu zuen UGT -Acaip sindikatuarekin (Estatuan ordezkaritza garrantzitsua izan arren, EAEn ordezkaritza sindikalaren %12 baino ez du). Akordio horrek berekin honako hau ekarri zuen, ELAk salatu zuenez:

  • Soldatan eskala bikotza, 1280 euroko soldata galerarekin, kontratazio berrietarako.

  • Ez da negoziatzen abian jarri nahi den espetxe sistemaren beharrak kontuan hartzen dituen langile egiturarik, eta lan poltsa bat sortzen da, behin-behinekotasuna ekarriz existitzen ez zen eremu batean.

  • Lanaldi luzapena dakar akordioak, langileen lanaldiak urtean 15 lanegun gehiago luzatzeraino.

Horrek kolektiboaren gogaitze orokorra sortu du, transferentzia aukera gisa ikusi bazen ere, orain lan baldintzen galera eta antolaketa anabasa handia ekarri duelako.

Horregatik guztiagatik, kolektiboak hilabeteak daramatza akordio horren eta dagoen kaosaren aurka, hainbat mobilizazio egiten; hala nola bihar Arabako espetxean (Zaballa) egingo dena 15:00etan.

ELAk Justizia Sailari eskatzen dio gogoeta egin dezala, bere jarrera zentzugabea errotik alda dezala eta langileen kolektiboari entzun diezaiola, eta guztiontzako lan baldintza berdinak negoziatzera eser dadila, plantillaren enplegu beharrak kontuan hartuko dituen behin-behinekotasunik gabe eta birgizarteratzean oinarritutako espetxe eredu gizatiar bat bultzatuz.