Iruñeko Padre Menni klinika

Langile gehiago eta baldintza hobeak eskatzen dituzte farmazia zerbitzuaren kolapsoari aurre egiteko

2023/09/22
ELAk Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna azpimarratzen du, farmazia zerbitzuak finantzaketa publikoa jasotzen baitu.

Padre Menni Klinikak osasun mentaleko arazoak dituzten 200 pertsona inguru artatzen ditu Iruñeko zentroan. Klinikako farmazia zerbitzua hiru teknikari laguntzailek eta farmazialari batek osatzen dute, eta hauek pazienteei botikak prestatzen dizkiete. Astelehenetik larunbatera egiten dute lan, eta mila euro inguruko soldata kobratzen dute.

Farmazia zerbitzua kolapsatuta dago. Tentuz hartzeko lana da, prestatu behar duten medikazio kopurua oso handia delako eta edozein nahastek izan ditzakeen ondorioengatik.

Egoera hau dela eta, langileek urtebete baino gehiago daramatzate langile gehiago eta lan baldintza hobeak eskatzen enpresari eta Nafarroako Gobernuari, zerbitzua Nafarroako osasun zerbitzuak finantzatutakoa baita.