Langile gehienek ez dute babestu Mercedeseko akordioa
Hainbat hilabetez enpresak langileen ordezkariekin negoziatzeko aukera baztertu du; orain gutxiengo sindikalarekin iritsi du akordioa, eta beroni itxura demokratikoa eman nahi izan dio.
ELAren iritziz ezinbestekoa da Euskal Herriko iritzi publikoak ezagutzea atzoko bozketa zein baldintzatan gertatu zen:
-
Langileek ezin izan dute akordioaren edukia zehatz ezagutu; negoziazio prozesua iluna izan da, eta akordioaren berri ez da behar adina denboraz izan.
-
Enpresako zuzendaritzak atzoko egun guztian presioa eragin zien langileei bozkatzera joan zitezen. Presioa bereziki handia izan da aldi baterako 1.900 langileen gainean; hauek bozkatzera derrigortu egin dituzte.
-
Gogoratu beharra dago zuzendaritzako kideek, hitzarmenetik kanpo dauden langileek eta arduradunek, hots, 650 lagun inguruk, bozketan parte hartzeko aukera izan dutela.
-
Errolda eta hautestontziak soilik UGT, PIM eta Ekintzaren kontrolpean egon dira. Badakigu boto delegatuak onartu dituztela eta hautestontziak ez direla behar bezala kontrolatu. Enpresaren zein sinatzaileen helburua zen prozesua partaidetza handi batez legitimatzea. Haatik, prozesu honek EAEko lehen enpresa industriala oso leku txarrean utzi du.
Baldintza hauek guztiak kontutan izanik, ELAk honakoa ondorioztatu du: atzokoa prozesu antidemokratikoa eta gardentasunik gabea izan zen. Halere, emaitza oso txarra da enpresaren eta akordioa sinatu duten sindikatuen interesentzat.
Bozketaren emaitzak ez du esan nahi gutxiengoak sinatutako akordioa langileen gehiengoak onartu duenik. Horregatik, behar-beharrezkoa da Mercedesen lan-baldintza duinak lortzeko borrokari eustea, eta ELAk gainontzeko sindikatuei eskatuko die negoziazio-mahaia berriro ireki dadila.