Langile guztiak daude greban Bizkaiko hormigoien sektorean

2002/04/15
Gatazka duela sei aste hasi zen

Sektoreko behargin guztiak ari dira Bizkaiko hormigoi eta harrobien greba egiten. Gatazka seigarren astean sartu da maiatzaren 20an. Ondorioz, uneotan sektorean ez dago inor lanean.

ELAk gogoratu duenez, greba deialdiak hainbesteko jarraipena izan duenez, negoziazioa beste irtenbiderik ez zaie geratzen enpresariei, hartara sektorean %70tik gorako ordezkaritza duen sindikatuarekin ados jarri behar duelarik.

ELAren aburuz, Cebek patronalaren jarrera harro eta arduragabea gatazkaren konponbidea eragozten ari da, eta negoziazio-mahaia biltzeko oztopoak jartzen ari da.

Grebak 28 enpresatako ia 500 langilerengan du eragina, eta UGT, LAB eta CC OOek gutxiengo akordioa sinatu ostean etorri da; hiruek sektorean ordezkarien %22 besterik ez dute.

ELAren aldarrikapenak, besteak beste, honakoak dira: aldi baterako kontratuak eta azpikontratak mugatzea, beharginen lan-baldintzak desarautzen ari baitira, %7ko soldata igoera eta aurtengorako lanaldia 32 ordu murriztea.

ELAren iritziz, UGT, LAB eta CC OOek sinatu duten akordioan islatzen den desarautze gero eta handiagoak erabateko malgutasuna ekar lezake, eta enpresei urteko lanorduak nahierara eta guztiz era arbitrarioan banatzeko aukera emango lieke.