Langile publikoei 2012ko aparteko ordainsaria osoki itzultzeko eskatu du ELAk, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna beteaz

2015/10/30
Atzo Eusko Legebiltzarrak, BILDUren, PSEren eta UPDren aldeko botoekin, legez besteko proposamen bat onetsi zuen, Eusko Jaurlaritza premiatzeko, batetik, 2012an murrizturiko aparteko ordainsaria itzultzera, eta bestetik, azken urteotan galdutako lan-baldintzak eta suntsituriko enplegua (9.000 enplegu baino gehiago) sindikatuekin negoziatzera, erreferentzia gisa 2010eko Mahai Orokorraren azken akordioa hartuz.

Eusko Legebiltzarraren erabaki horren aurrean, ELAk exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari legebiltzarraren agindua berehala betetzeko eta horretarako eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari Mahai Orokorrerako deia berehala egiteko. Beharrezkoa da Jaurlaritzak errotik aldatzea joan den asteko bileran agertu zuen jarrera. Izan ere, bilera horretan Jaurlaritzak enplegua suntsitzen eta herri-langileen baldintzak lorrintzen jarraitzeko asmoa agertu zuen, Rajoyren gobernuaren maila gainditzeko asmotan-edo. Zeren Rajoyren gobernuak 2012ko aparteko ordainsaria osoki eta norberaren egunak 2016an itzuliko dizkie Estatuko langileei; eta Urkulluren gobernuak, aldiz, hori bera ukatu die euskal sektore publikoko langileei.

ELAtik jendaurrean salatzen dugu Urkulluren gobernuaren jokabidea, lehentasuna Madrilen adosturiko defizit-muga gordetzeari eta zorra ordaintzeari ematen baitie, gainera zerga-politika bidegabea egiten du, eta horren ondorioz murrizketa larriak egin ditu sektore publikoan. Erabaki horien ildotik segidan datoz sinaturiko lan-akordioak ez betetzea, enplegu publikoa suntsitzea eta murrizturiko lan-eskubideak ez berreskuratzea. Beraz, ELAtik, berriz ere, eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari horrelako politikak zeharo aldatzeko, orain arte zerbitzu publikoetako langileengan eta oro har euskal gizartean oso eragin larria utzi baitute.