BIDAIDEAK (ETXEBARRI)
Langileak hitzarmen propioa eskatzeko mobilizatu dira
Negoziazio mahaiaren aurretik elkarretaratzea egin dute langileek. Enpresa batzordeak (ELA, LAB) datozen asteetan mobilizazio berriak egiteko aukera mahai gainean jarri du.
Bidaideak enpresako langileak Etxebarriko zentroaren aurrean bildu dira astearte honetan, lan baldintzak hobetuko dituen enpresa hitzarmen propio bat eskatzeko.
Negoziazioak urte hasieran abiatu zituen enpresa batzordeak; hainbat bilera egin dituzten arren, langileen aldarrikapenek erantzunik jaso ez dutela salatu dute. Estatuko hitzarmen kolektiboa aplikatzeak sektoreko beste erakunde batzuetakoak baino soldata eta lan baldintza kaskarragoak izatea dakar, enpresaren egoera ekonomikoa aldekoa izan arren.
Bidaideak desgaitasuna duten pertsonentzako garraio egokitua eskaintzen duen euskal erakundea da, eta ehunka erabiltzailek hainbat zentro eta zerbitzutara joateko aukera izan dezaten funtsezko lana egiten du.