Osakidetza

Langileak kalera atera dira osasun publikoa desegitearen aurka eta 25eko manifestazioetara deitzeko

2023/02/21
SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deitutako ospitaleetako eta lehen mailako arretako zentroen ateetako elkarretaratzeetan, Enplegu Publikoaren Eskaintzak ebazteko atzerapena, gardentasunik eza, kontratazio zerrenden kudeaketa txarra eta pribatizazioaren aldeko apustua kritikatu da.

Ospitaleetako eta Lehen Mailako Arretako langileak lantokien ateetara atera dira gaur, Osakidetzak langileekiko duen mespretxuarekin nazkatuta daudela salatzeko. Osakidetzako zuzendaritzak inposaketaren alde egiten duela eta Mahai Sektoriala erabat blokeatuta mantentzen duela salatu dute. Sindikatuek planteatutako aldarrikapen bat ere ez da aintzat hartu.

Kudeaketa horren ondorioz, osasun harreta gero eta kalitate txarragokoa da. Lehen mailako arreta gainezka dago, eta horrek atzerapenak dakartza, Etengabeko Arretako Guneak (EAG) ixteaz edo murrizketaz gain. Ospitaleko larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da, eta bi egunetarainokoa plantan sartzeko. Kanpo kontsulta baten zain dauden pazienteen kopurua sei aldiz handitu da, proba diagnostiko baten zain dauden pertsonena bikoiztu egin da eta kirurgiako itxaron zerrendak % 36 igo dira.

Langileen lan baldintzak ere erabat prekarioak dira, %50etik gorako behin behinekotasun tasarekin, lan gainkarga sistematikoarekin, plantilla urritasunarekin eta ordezkapenik ezarekin.

Osasun Sailak osasun publikoa desegitearen eta pribatizatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, 2023ko ekitaldirako aurrekontua 2022koa baino hogei milioi euro txikiagoa izanik.

Sindikatu deitzaileek iragarri dutenez, elkarretaratze hauek otsailaren 25ean, larunbata, hiru hiriburuetan egingo diren manifestazioen atarikoak dira. Hiru manifestazioak eguerdiko 12:00etan Bilboko Jesusen Bihotzetik, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik eta Donostiako Boulevardetik abiatuko dira.