Langileak, merkatariak eta kontsumitzaileak igandetan dendak zabaltzearen aurka

2012/01/20
Langileak, merkatariak eta kontsumitzaileak igandetan dendak zabaltzearen aurka
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, Euskal Dendak eta Kontsumitzaileen elkarteek manifestazioa deitu dute martxoaren 11rako igande eta jai egunetan dendak zabaltzearen aurka.

Legeak saltoki handiei EAEn 8 jaiegunetan irekitzeko aukera ematen badie ere, EAEn egungo status-quoa egun bat ere ez irekitzea da. Hainbat arrazoi dago horretarako. Lehenik, dendari gehienek uko egin diote irekitzeari, bai baitakite desarautzeko erabakia epe luzera soilik saltoki handien onerako dela. Bigarrenik, euskal gizartea, kontsumitzaile den aldetik ez baitu igande eta jaiegunetan irekitzerik eskatzen.

Horregatik, gaur merkatari, kontsumitzaile eta sindikatuak bildu gara agerian uzteko igande eta jaiegunetan irekitzearen auzia ez dagoela bakarrik lan-eskubideekin lotuta. Merkataritzako ordutegien desarautzeak gizarte-ereduari ere eragiten dio, hankaz gora jartzen baitu defenditzen dugun kontsumo eta hiri eredua.

Horrenbestez, nabarmendu nahi dugu merkataritzako ordutegiak arautzen dituen dekretua, 8 egunez irekitzeko aukera legeztatzen duena, legezkoa dela, baina ez bidezkoa. Areago, legeek gizartearen beharrizanak eta eskariak aintzat hartu beharko lituzkete; euskal herritarrok irekitze horiek eskatzen ez ditugunez, arau horrek xede bakarra du, minoria baten negozio eta interesak babestea.

EZ IREKITZEKO ARGUDIOAK

1. gezurra. Urtean behin besterik ez da. Halaxe hasi ziren Madrilen, 4 egunez irekitzeko baimena emanez; gaur urteko 365 egunetan zabal daiteke denda bat.

2. gezurra. Jaietan irekitzeak ekonomiaren jarduera sustatzen du. Argudio hau oso erabilia da, krisi garaian gaudelarik. Haatik, ez da egia dendek gehiago salduko dutenik; erosteko aukera kontsumitzaileen gastu-ahalmenak ematen du, ez beste ezerk. Jaiegunez irekiz gero, salmenta lan-egunetatik igande eta jaiegunetara pasako litzateke.

3. gezurra. Irekitzeak enplegua sortuko du. Saltoki handiek sor dezaketen lanpostu kopurua denda txikiak ixteagatik galtzen direnen erdira ez dira iristen.

Gainera, merkataritzan lan egiten dutenen egoera zeharo okertuko da.

4. gezurra. Kontsumitzaileek urteko egun guztietan irekitzea nahi dute. EKA/OCUV kontsumitzaile elkarteak 2010 urtean egindako azken inkestaren arabera, %94arentzat erosketak egiteko aski da astelehenetik larunbatera irekitzea.

5. gezurra. Askatasun handiagoa emango lieke kontsumitzaileei. Astean 72 orduz zabaltzeko aukera aski handia da. Gainera, saltoki handiak indartuta merkataritza hiriguneetatik aldirietara eramaten du.

6. gezurra. Publikoarentzako eskaintza hobetzen du. Katea handien pisua gero eta handiagoa denez, hauek inposatzen dituzte eskuragarri diren produktuak, prezioak, erosteko modua, eta areago, baita aisia igarotzeko era ere.

7. gezurra. Irekitzea posible da hainbat langile borondatez prest dagoelako. Merkataritzan lanaldi partzialeko kontratu ugari dago, orduen erditik behera, eta aldi baterako enplegu tasa oso altua da. Horrelako baldintzetan lan egiten duenak beldur dio igande batean lan egiteko esanez gero uko egiteari.

AGINTARIEN JOKABIDEA

Ohartarazi beharrean gaude botere politikoak irekitzeko erabakia urrats garrantzitsu gisa saldu nahi duela, modernizatzeko, zerbitzua hobetzeko, eta merkataritza jarduera sustatu eta handitzeko... Diotenez, guztiok izango genuke etekinen bat: enpresarioek, noski, baina baita langileok ere, enplegua sortu eta lan-baldintzak hobetuko liratekeelako; bezeroek, berriz, zerbitzu eta prezio hobeak izango lituzkete.

Errealitateak argi erakutsi du hori ez dela horrela.

Azken aldian zenbait jokaerek erakutsi dute saltoki eta denda handien bidea errazteko joera, zeintzuk une onenaren zai dauden irekiera berriro planteatzeko.

Merkataritzako ordutegia desarautzearekin oihaneko legea ezarriko da: enpresa indartsu eta oldarkorrenei ematen zaie lehentasuna, hots, etekin erraz eta azkarra lortzekotan edozertarako eskrupulorik ez duten enpresei.

IREKITZEAREN AURKAKO ETA DENDA TXIKIEN ALDEKO KANPAINA

MANIFESTUAREN AURKEZPENA

Hainbat merkatari elkarte, sindikatu eta euskal kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkartea manifestu bat egiten ari gara, non irekitzeari buruz merkataritzak aintzat hartu beharreko oinarrizko arau batzuk zehazten diren.

Gure helburua manifestua hiri nagusietako udalei, foru-aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari helaraztea da, gai honekiko erabakiak har ditzaten.

LANGILEEN SINADURAK BILTZEA

ELAk, CCOOek, LABek eta UGTk merkataritzako langileen sinadurak bilduko ditugu euren jarrera adierazte aldera, batetik igande eta jaiegunetan irekitzearen aurka eta bestetik, atseden izateko nahiz lan- eta famili-bizitza kontziliatzeko eskubidearen alde.

MANIFAFESTAZIOA: MARTXOAK-11

Denda batzuk bakarka irekitzen hasi direla ikusita, alde batetik hautetsi eta agintari publikoen jarreraren ondorioz, eta komunikabide batzuk merkataritzako ordutegien inguruan kanpaina egiten ari direlako, Euskal Dendak merkatari-elkarteka, EKAk eta ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok manifestazio bat deitzea erabaki dugu, 2012ko martxoaren 11n Moyua plazatik 12eta abiatuko dena, honako lemapean: “Jaietan denok Jai. Por un consumo sostenible y en defensa del empleo en el pequeño comercio”.

Dei egiten diegu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei manifestazio honetan parte har dezaten, botere politiko eta ekonomikoek argi ikus dezaten euskal gizarteak ez duela eskatzen, eta ez duela behar, dendak igande eta jaiegunetan irekitzerik.