zarautzko etxez etxeko zerbitzua
Langileek elkarretaratzea egin dute lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat eskatzeko

Etxez etxeko laguntza zerbitzua Zarauzko Udalak azpikontratatutako zerbitzua da, eta langileek ez dute hitzarmen kolektiborik. Gaur egun, hogeita sei pertsona inguruk egiten dute lan etxez etxeko laguntzan, guztiak emakumeak. Adinekoak artatzen, garbitzen eta zaintzen aritzen dira, lan baldintza oso eskasekin: orduko 10,03 euroko oinarrizko soldata, urtean 1.690 orduko lanaldia eta kontziliazio neurri eta baimen gutxi.
Langileen aldarrikapenen artean daude erosteko ahalmena berreskuratzea eta urteko lanaldia murriztea, baina baita lana hobetzeko beste neurriak hartzea ere.
Gaur elkarretaratzea egin dute argi uzteko lehentasuna pertsonen zaintza izan behar dela, eta ez enpresaren onura ekonomikoa. Kalitatezko zerbitzua emateko, beharrezkoa da lan baldintza onak izatea. Horregatik, Zarauzko Udalari eskatzen diote beharrezko urratsak eman ditzala aldarrikatzen dituzten lan baldintzen hobekuntzak bermatzeko. Langileek ohartarazi dute mobilizazioekin jarraituko dutela beren egoera hobetuko duen hitzarmen kolektibo bat lortu arte.