Basurtuko ospitaleko larrialdiak

Langileen aurkako erasoek jarraitzen dute Osakidetzak zerbitzuaren gainkargari irtenbiderik eman gabe

2025/04/01
Gaur eraso fisiko larria gertatu da, eta ahozko erasoak egunero ohikoak dira. Langileek asteartero egiten dute elkarretaratzea.

Basurtuko Ospitaleko Zuzendaritzak larrialdi zerbitzuko langileen arazoak konpondu gabe jarraitzen duen bitartean, langileen aurkako erasoek ez dute etenik. Gaur, apirilak 1ean, eraso fisiko larria gertatu da. Honi, egunero gertatzen diren ahozko erasoak gehitu behar zaizkio, zerbitzuak jasaten duen gainkargagaitik.

Basurtuko Ospitaleko larrialdi zerbitzua tentsionatuta dago egunero (20 paziente baino gehiago artatuak izateko esperoan, 10 paziente baino gehiago box batean sartzeko zain...). Azken urteetan Lehen Arretan aplikatu diren murrizketek (lehenik Deustuko EAGko gaueko arreta presentzialaren itxierak eta ondoren Areiltzako EAGren itxierak) eta zerbitzuaren zahartzeak, aspalditik egoera prekarioan dagoen plantilla tentsionatzera eraman dute.

Zuzendaritzari langileen aldarrikapenak helarazi arren, eta horiek babesteko langileen 200 sinaduratik gorako idatzi bat aurkeztu den arren, Osakidetzak ez du inolako konponbiderik eskaini.

ELAk Basurtuko Ospitaleko larrialdietako langileek bizi duten egoera salatu du, eta langileak entzuteko eta konponbideak eskaintzeko eskatu dio Zuzendaritzari. Bitartean, mobilizazioak areagotzen jarraituko dira.