Borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeak (bgae)

Langileen aurrezkia langileen alde erabiltzea exijitu du ELAk

2025/03/19
ELA prest da Eusko Jaurlaritzarekin nahi beste eztabaida izateko eta negoziazio zintzo bat irekitzeko BGAEen kapitala Euskal Herrian inbertitu dadin. Euskal enpresak Euskal Herrian errotu behar dira, baina enpresa horiek gizartearen zerbitzura ere jarri behar ditugu.

Pradales Lehendakariak enpresen errotzea bultzatuko duen funts baten sorrera egin du publiko eta, era berean, BGAEtako aurrezkia horretara bideratzeko lege aldaketa abiatuko omen du. ELAk, langileen ordezkaritza nagusia duen sindikatuak, honen berri komunikabideen bidez izan du, BGAEtako dirua langileen aurrezkia izan arren.

ELAk orain hamarkada batzuk BGAEen sorrera bultzatu zuen bi helburu nagusirekin: euskal pentsio sistema baten ernamuina izan zitekeena sortzeko eta enpresen errotzea bideratzeko. Zoritxarrez, bi asmoetako bat ere ez da bideratu eta egun BGAEak soilik langileen etorkizuneko pentsioak osatzeko sistema dira.

Aurrekoa esanik, ELA langileen aurrezkia enpresen eraldaketaren eta langileen zerbitzura jartzearen aldekoa da, eta hori egiteko baldintzak negoziatzeko borondatea du. ELA prest dago aurrezkia enpresetara bideratzeko, beti ere, hurrengo baldintzekin:

  • Administrazioek egin beharreko inbertsioak osatzeko izan behar du eta administrazioek enpresetan egiten dituzten inbertsioetan jabetza hartzea nahi du ELAk, era honetan, enpresak gizartearen zerbitzura egongo direla bermatzeko. Ezin da diru publikorik edo BGAEetako dirurik inbertitu enpresetan, ondoren enpresa horren zuzendaritza ez bada gizartearen beharretara bideratzen edo egindako inbertsioaren ikuskapenik egiten ez bada. Eusko Jaurlaritzak momentu honetan ez du horrelako inbertsioak kontrolatzeko egiturarik eta diru publikoa inongo kontrolik gabe ematen die enpresei eta enpresariei.

  • Mundu mailako hainbat inbertsio funts enpresen salerosketan ari dira, tartean EAEko enpresak barne, espekulazio bidez dirutza irabazten ari dira edo euskal enpresariei eskandaluzko dirutzak ematen ari zaizkie, enpresa horietan egindako inbertsioetatik oso gora. ELAren ustez BGAEtako diruak ezin du merkatu espekulatibo hau are gehiago sustatu eta, ondorioz, inbertsio funtsen salerosketak mugatzeko legedia garatzea eskatzen dio administrazioei. Ez dago enpresak errotzerik, beren jabetza espekulaziorako tresna hutsa baldin bada.

  • Langileen aurrezkiek enplegua eta lan-baldintzak hobetzea ekarri behar dute eta inbertsioak horren arabera baldintzatu behar dira. Langileen aurrezkien bidez ezin dira kaleratzeak finantzatu edo langileen lan-baldintzak kaltetu.

  • Inbertsio publikoak eta BGAEetako aurrezkiak gizartearen beharrei erantzungo dieten sektoreetara bideratu behar dira, inolaz ere ez gizartea kaltetzen duten industrietara, bereziki armagintzara. Euskal langileen aurrezkiak ezin dira Gazako langileak hiltzeko tresnak sortzera bideratu. Horrez gain, inbertsio publikoek trantsizio ekosoziala posible egin behar dute, ez soilik egungo enpresa ereduak mantentzea.

  • Langileen aurrezkia bideratuko bada administrazioak bermeak eman behar ditu aurrezki horietan galerarik emango ez dela ziurtatzeko eta etorkizuneko pentsioak osatu ahal izango direla bermatzeko.

  • Inbertsio publikoak eta BGAEetako dirua lehentasunez enpresak langileen zuzeneko jabetza ekarriko duten eraldaketa prozesuetan laguntzeko bideratu behar dira, ekonomia sozial eraldatzailearen printzipioen arabera arituko diren molde berriko enpresak sortzeko. Hau da enpresak errotzeko berme nagusia, diru-irabazi hutsak izateaz gain bestelako balio batzuen arabera eta jabetza ulertzeko modu berrian arabera arituta.

  • Banketxeei irabaziak bermatu beharrean, finantziazioa banka publikoaren edo oraindik ere kontrol publikoa duten aurrezki kutxen fundazioen bidez egin dadila nahi du ELAk.

Baldintza hauen arabera ELA prest da Eusko Jaurlaritzarekin nahi beste eztabaida izateko eta negoziazio zintzo bat irekitzeko. Euskal enpresak Euskal Herrian errotu behar dira, baina enpresa horiek gizartearen zerbitzura ere jarri behar ditugu.

Edonola, Eusko Jaurlaritzak azaldutako 1.000 milioi eurotako inbertsio publikoa oso txikia da EAEko ekonomiak behar duen birmoldaketari aurre egiteko. Egun Txinarekin dagoen aldea neurri handi batean inbertsio publikoaren tamainak eragin du. ELAk 2.300 milioi euroko funtsa eratzea eskatzen du. Halaber, ulertezina da Eusko Jaurlaritzak inbertsio hau zor publikoaren bidez finantzatzea, inongo sarrera gehigarririk ekarriko ez duen zerga erreforma bat bultzatzen duten bitartean eta kapital errentek oso zerga gutxi ordaintzen dutenean.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren asmoa bateraezina da gobernuaren egungo egiturarekin. Gobernuak Industria Politikaren planifikazioa azpikontratatzea erabaki du erakunde publikoetan horretarako baliabide nahikorik ez dagoelako. Honek argi erakusten du azken hamarkadetako industria politika zein izan den. Bada, planifikazio dokumentu bat egiteko baliabiderik ez badago, nola espero du Eusko Jaurlaritzak ehunka milioiko inbertsio publikoak bideratzea?

Euskal ekonomiak eraldaketa sakona behar du eta langileen zerbitzura jarri beharra dago. Inbertsio publikoek eta langileen aurrezkiek zentzu berean lan egin beharko lukete helburu horrekin, diru publikoa asmo espekulatibo hutsekin erabili ez dadin.