Langileen baldintzak hobetzeari uko egiten dion Estatutuaren aurka bozkatu du ELAk
ELA sindikatuak Nafarroako Gobernuaren eta CCOO, Afapna eta UGT sindikatuen artean adostutako akordioa gaitzetsi du, ez baititu Funtzio publikoko Estatutu berriak beharko lituzkeen oinarrizko edukiak jasotzen, hala nola:
-
Behin-behinekotasuna murrizteko mekanismo eraginkorrak.
-
Galdutako erosteko ahalmenaren berreskuratzea.
-
KPIaren araberako ordainsari-igoera.
-
Errelebo-kontratuaren figura ezartzea.
-
Arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea. Zirriborroan ez da aurreikusten euskararen normalizazioaren inguruko neurri bat bera ere.
-
Pribatizazioa eta externalizazioa saihesteko neurriak.
Bestalde, testuak ELAk gaitzesten dituen bi gai jasotzen ditu:
-
Jardunaren ebaluazioa soldata-osagarri aldakor gisa, oraindik definitu gabe dauden irizpideen mende.
-
PAI Nafarroako Hezkuntzan kronifikatzen du.
Funtzio Publikoak iragarritako neurri nagusia karrera profesionala ezartzea izan da. Hala ere, 2032ra arte ez da zenbateko osoa ordainduko. Gainera, bere progresioa balorazio-irizpideen mende dago, hala nola "jardunaren ebaluazioaren emaitza", eta, beraz, tarteen igoera ez da bermatzen gaur egun ezezagunak diren parametroak dituen ebaluaziorik gabe.
Sindikatuaren ustez, Funtzio Publikoko Kontseilari berriak domina bat jarri nahi izan dio bere buruari gaurko akordioarekin. Alabaina, proposatutako testua ez da mugarri bat langile publikoen baldintzen hobekuntzan, ez baitago lan baldintzeei dagokionez aldaketa esanguratsurik. Gainera, Gobernuak ez du lortu Mahai Orokorreko gehiengo sindikalaren babesik, Kontseilariak kontrakoa erakutsi nahi izan duen arren.
ELA sindikatuak aurkeztu dituen 120 alegazio baino gehiago aztertzeko eta kontuan hartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Alegazio horiek kontuan hartu ezean, CCOO, Afapna eta UGTrekin itxitako akordioa langileen lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hobetzeko galdutako aukera bat izango litzateke.