Langileen gehiengo zabalak bat egin du Osakidetzako greba deialdiarekin

ELArentzat oso arrakastatsua izan da beste behin Osakidetzan deitutako 24 ordutako grebak izan duen jarraipena. Orotara ospitaletako eta lehen arretatako egoitzetako langileen %80ak bat egin du deialdiarekin. Kopuru hori oso garrantzitsua da, Osakidetzak greba aurrera eramateko jarri dituen oztopo guztiak kontutan hartuta: inposatu dituen gehiegizko gutxieneko zerbitzuak horren lekuko dira, bestak beste.

ELAk eskertu egin nahi die sektoreko langileei mobilizatzen jarraitzea, Administrazioak langileak manipulatzeko erabiltzen dituen argudio eta gezurrei aurre eginez. EAEko egunkari nagusietan diru publikoarekin sartutako propaganda horren lekuko argia da. Sasi informazio horrekin herritarrak sektoreko langileen aurka jarri nahi ditu Osakidetzak, eta langileen aldarrikapenak hutsaldu nahi ditu.

Osakidetzak argi utzi du beste behin ez duela argudiorik jasangaitza den egoera baten aurrean. Gauza bakarra dakite egiten, eta horretan jarraitzen dute: gezurrak esan eta propaganda egin. Dekretazoak ez du lortu sektorea desmobilizatzea, eta langileek argi erakutsi dute beste behin akordio duin bat lortu arte borrokan jarraituko dutela.