EAEko Udal eta Aldundiak
Langileen pobretzea gelditzeko proposamena aurkeztu du ELAk

ELAk proposamen zehatzak aurkeztu ditu EAEko Udaletako eta Aldundietako langileen baldintzen okertzearekin amaitzeko. Proposamena iragartzeko eta egungo egoera salatzeko mobilizazioak egin dituzte ere hainbat hiri eta herrietan: Bilbon, Donostian, Getxon, Eibarren, Basaurin, Azpeitian eta Lasarten, besteak beste. Mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi du Euskal Sindikatuak eta, adibidez, apirilaren 3an Gasteizko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egingo dute, goizeko 11:00etan.
Aurkeztutako proposamenen helburua negoziaketa zintzo bati hasiera ematea da, sindikatuak adierazi duen moduan. Hurrengoak dira mahaieratutako puntuak:
- Azken bi urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea. Horrekin batera, azken hamarkadan galdutako erosahalmena berreskuratzeko negoziaketa hasteko konpromisoa.
- Behin-behinekotasuna %6ra jaisteko neurri errealak ezartzea.
- Erretiro sariak bermatzea.
- Berdintasun plan errealak negoziatu eta adostea.
- Arrisku psikosozialen ebaluazioa egiteko konpromisoa.
- Langileen euskalduntzea ahalbideratzea, zerbitzu publikoak euskalduntzeko bidean.
Agintariek zerbitzu publiko indartsuak behar direla esaten duten bitartean, langileen lan-baldintzak okertzen ari dira: pobretze prozesua etengabea da, behin-behinekotasuna da nagusi, lan kargak eta arrisku psikosozialak etengabe ari dira handitzen, eta pribatizazioa gero eta nabariagoa da. Gainera, hori guztia gertatzen ari da erakundeek diru bilketa errekorrak lortzen dituzten bitartean.
ELAren iritziz ez da baliozkoa instituzioek Madrilek ezarritako jarraibideak soilik bete ditzaketela argudiatzea, egoera hori onartzen duten alderdien emaitza baita, tartean EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin-Podemos.