Langileen segurtasuna bermatzeko neurri gehiago eskatu dizkio ELAk Osakidetzari

2020/03/04
Azken egunetako gertakariak eta Osakidetzak bere langileei helarazitako gomendio berriak ikusita, ELAk ESIetako zuzendaritzei eskatu die berehala har ditzatela langileen segurtasuna eta osasuna babesteko neurri gehiago. ELAk azpimarratu nahi du, birusaren bilakaera medikoan sartu gabe, Osasun Sailak egindako plangintza ez dela zuzena izan.

Besteak beste, ELAk hau eskatu du:

- Lan-eremuan gerta litezkeen kutsatzeen ondoriozko susperraldiak edo isolamendu-aldiak lanbide-gaixotasuntzat edo lan-istriputzat hartzea. Gaur-gaurkoz, gaixotasun arruntaren tratamendua ematen zaie.

- Lanpostu GUZTIEN lan-arriskuen ebaluazioa eta lanpostu bakoitzari aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eguneratzea.

- Osakidetzak proposatutako prebentzio-neurriak eta/edo gomendio orokorrak langile guztiei eta kategoria guztiei aplikatuko zaizkiela bermatzea.

- Langile guztientzako prestakuntza nahikoa eta egokia bermatzea, bai berena, bai azpikontratatutako langile guztiena.

- Haurdun dauden langileak eta arrisku egoeran egon daitezkeenak babesteko berariazko protokoloak aktibatzea.

Laneko segurtasunak eta osasunak lanarekin bateragarriak izan behar dute, eta Osakidetza da hori bermatzearen arduraduna, koronabirusaren izurritearekin ere bai. Eta hori langile guztientzat: sanitarioentzat, ez-sanitarioentzat eta azpikontratatutako langileentzat.

ELAk azpimarratu nahi du, birusaren bilakaera medikoan sartu gabe, Osasun Sailak egindako plangintza ez dela zuzena izan. Joan den urtarrilaren 30ean OMEk Nazioarteko Osasun Publikoaren Larrialdi agerraldia deklaratu bazuen ere, aste honetara arte ez dira hasi Segurtasun eta Osasun Batzordeak biltzen; orduan, erlojupekoan, langileei prestakuntza masiboa ematen hasi zaie; lehenago aurreikusi behar ziren gai praktikoak planteatzen hasi dira, hala nola haurdun dauden langileekin zer protokolo jarraitu behar den, adibidez; etxeetan laginak hartzeko ekipoen bila hasi dira. Eta horrela, etabar luze bat.

Murga sailburuaren hitzek berek agerian utzi dute joan den asteburuan indarrean zegoen protokoloak ez zuela balio Txagorritxuko 0 gaixoarena bezalako kasu bat antzemateko. Izan ere, gertatutakoa ikusita, Osakidetzak jarraibide berriak bidali zizkien bere langileei joan den astelehenean, besteak beste, sukarra edo arnas klinika akutua duten profesionalek lanpostura joateari uko egitea.

Gaur egun, erronka nagusietako bat ohiko osasun-arretari eustea da; izan ere, plantillaren zati oso garrantzitsu baten berrogeialdiak, gaur egun Basurtuko Ospitalean ere eragina izaten hasi denak, zaildu egiten du jada, % 40ko behin-behinekotasunagatik eta azken urteotan aplikatu diren osasungintza publikoaren murrizketa eta desegite politikengatik murriztuta dauden taldeen lana. Atzo jakin genuen, presazko izaerarekin, medikuak kontratatzeko lan poltsa bat osatzen ari zirela. Urrun daude sailburuaren adierazpenak, zerbitzuak 600 ohe gehiago gaitzeko ahalmena zuela zioenak, beharrezkoa izanez gero. Gaur ikusten dugu ez zela pertsonalaren aurreikuspenik egin 600 paziente horiei arreta emateko.

ELAk azpimarratu nahi du langileen lan osasuna eta segurtasuna zaintzeko erantzukizuna Osakidetzarena dela, eta Osakidetzak eman behar diela behar besteko prestakuntza eta informazioa. Hori ezin da langileen erantzukizun esklusiboaren pean geratu. ELAk ez du inola ere langileengan jarri nahi izan arreta eta ardura hori, haiek baitira, hain zuzen ere, herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzua aurrera ateratzen dutenak, ondo eta erantzukizunez, beraien lan baldintzak gero eta prekarioagoak izan arren.